Berako Gure Txokoa futbol taldeko guraso batzuk Matzada futbol zelaiaren egoera tamalgarria eta entrenatzeko erabili ohi den Agerrako zelaiaren egoera txarra salatu dute. Haien seme-alaben motibaziorako ezinbertzekoa deritzoten azpiegitura hauen egokitzea aldarrikatuz herritarren laguntza eskatu dute.
Gurasoek gogoratu dutenez, «gaur egun ditugun instalazio eskasarekin Gure Txokoan 180 bat haur eta gazte ari dira futbolean; 10 taldetan banatuak eta sei maila desberdinetan jokatzen». Alde batetik, Matzada futbol zelaiaren egoera tamalgarria salatu dute, «zelaiaren egoera penagarria, harmailarik gabeko zelaia, partiduak ikusteko estaldurarik eza, bankilloak ... Oro har, Matzadak jasaten duen instalazio onargarri batzuen falta da guri larritzen gaituela».
Bertze aldetik, egoera honen aitzinean, entrenatzeko erabiltzen den Agerrako zelaia ere «ez da motz gelditzen» gurasoen ustez. «Matzada ez izorratzearren erabiltzen duten bertze zelai hau hagitz egoera txarretan dago (zuloak, putzuak, lohia…) eta euria egiten duenean egoera petral hau areagotzen da. Horrelakoetan, frontoian entrenatzea izaten da irtenbide bakarra», diote.
Egoera hau jasanezina zaielako, eta seme-alaben motibaziorako, entrenatzeko eta jokatzeko instalazio duin batzuk edukitzearen garrantziaz ohartuta, herritarren laguntza eskatu dute: «Egoera honekin bukatu behar dugu gure herriko haur eta gazteek baldintza egokietan jolastu ahal izateko».