Azaroaren 9an, mezondoan, Giltzarri abesbatzak, Pascual Aldabe lesakar konpositore zenaren omenezko kontzertua eskaini zuen. Joan den udaberrian hil zen konpositore lesakarra, 88 urte zituela. Kalitatezko emanaldia izan zen, kontzertu goxoa eta fina eskaini zuten eta jende multzoa bildu zen ekitaldi honekin gozatzera. Isabel Lacar Abril lesakarraren zuzendaritzapean, Giltzarri abesbatzak –Elizondoko abesbatzako kantariak ere baziren, Lakar bi abesbatzetako zuzendaria baita– hamabi kanta eskaini zituzten, tartean, Aldabek berak konposaturikoak. Emanaldiaren ondotik, Matixa Aldabe konpositorearen alabak eskultura lan bat hartu zuen abesbatzako zuzendariaren eskutik. Aldabe zenaren familiakoak ageri dira irudian.