Lehenengo hiruhilabeteari akabera emateko ekimen batzuen inguruko xehetasunak jaso ditugu eskolatik.
Abenduaren 19an, ortzeguna, eskolako antzezlanak ikusteko aukera izanen da. Aurtengo ikasturtean, berrikuntza gisa, Raul Garcia beratar adituarekin, astearte arratsaldero, antzerkia lantzen ari dira bigarren eta hirugarren zikloetan. Helburua ikasleak bere barreneko aktore eta artistarekin esperimentatzea da: batetik, begirada, entzumena eta ulertzeko modua garatzen dira, eta bertzetik, norbere eta bertzeen lanarekiko errespetua eta estimua.
Hainbat elementurekin jostatzen dira: espazioa, mugimendua, gorputza eta bere mugikortasun zein aukerekin, bakoitzaren keinu eta dantzarekin. Bertzeekiko harreman eta kontaktu fisiko eta emozinaletik abiatzen da norbere lana. Hatsarekin, bozarekin, hitzarekin, kantuarekin, musikarekin, objektu erreal edo imajinarioekin, eta abarrekin bidaiatzen da.
Honetarako ezinbertzekoa izan da Guraso Elkartearen laguntza.
BARATZEA
Iaz egindako baratzean, udazken-neguko produktuekin ari dira.Tipula, porrua, aza, eskarola eta pella landatu dituzte. Eta sukaldeko zabor organikoarekin konposta egiten segitzen dute.
Bertzetik, bide hezkuntzarekin loturiko jarduerak egiten ari dira. Bi egunez, ikasleek ekintzak egin zituzten Foru Poliziako ordezkariekin.
GABONETAKO ZAREA
Eskolako ikasleak zarea osatzeko produktuak ekartzen hasiak dira eta zozketarako txartelak saltzen. Zozketa antzerki saioetan eginen dute.
BIDEO KLIPA
Eskolaren mendeurrenaren harira, bideo-klipa atera zen ekainean. Jendearen eskaria dela eta DVDak salgai daude Jaioneren janari-dendan eta Apezenean.
2014KO EGUTEGIAK
Guraso Elkarteak ateratako 2014ko egutegiak salgai daude 5 eurotan. Eskolako ikasle eta irakasleak ageri dira eta hagitz polita da. Laguntzaile guztiak eskertu nahi ditu Guraso Elkarteak.