38 argazkilarik 105 argazki aurkeztu dituzte Beti Gazte elkarteak antolatutako lehiaketara, azken urteetan baino guttixeago. Halere, arrakasta handia izan du, Lesakako eta Nafarroako argazkilariez gain, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Alikante, Logroño, Katalunia, Madril, Valladolid, Burgos, Salamanca, Zaragoza eta Valentziako egileen lanak ere ailegatu baitira.
AFIko Gerardo Garcia eta Jesus Hernandez irundarrek eta Berako Juan Carlos Olaetxeak osatutako epaimahaiak lehenbiziko saria Andres Indurain Gutierrez irundarrari eman zion, Todo por la revolución izeneko argazkiarekin. 350 euro eta garaikurra eskuratu ditu. Bigarren saria (250 euro eta garaikurra), Tolosako Jose Maria Arrigain Ijurrarentzat izan da, Faroles izeneko lanarengatik.
Kirol argazki hoberenarentzako saria, 200 euro eta garaikurra, Javier P. Fernandez Ferrerasek eskuratu zuen, Jawi argazkiarekin eta Fidel Ordoki Fagoaga argazkilariak Lesakako egile hoberenarentzako saria lortu zuen, Jonan argazkiarekin. 200 euro eta garaikurra eskuratu ditu lesakarrak ere.
Argazki guztiak Beti Gazte elkartearen egoitzan daude ikusgai abenduaren 3a bitarte, astelehenetik larunbata arte, arratsaldeko 7:00etatik 8:30 arte eta igandetan:11:30etik 13:00etara.