Lesakako feriak azaroaren 27 eta 28an ospatuko dira eta, ortzeguneko egun handian, Bortzirietako aziendarik onenak sarituko dituzte. Baina horretaz gain, bertze hainbat ekitaldi izanen dira: eskulangileak, aizkolariak, bertsolariak, pilota partidak, musika… Bezperan ere, trikitilarien kalejira eta Beti Gazte elkarteak antolatutako ajoarriero lehiaketa eginen dira.
Asteazkenean, Merkatu Eguna izanen da. 18:00etan trikitilariek kalejira eginen dute eta, ordu berean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketari hasiera emanen zaio Alondigako estalpean edo, eguraldiak lagunguko balu, Beheko Plaza inguruan. Bikote bakoitzak 2 kilo bakailao ekarri beharko ditu. Elkarteak 40 euro emanen dizkio bikote bakoitzari. Bikote bakoitzak gas-sukaldea, kazula, zartagina eta behar dituen tresnak eraman beharko ditu. Antolakuntzak olioa, baratxuriak eta gatza jarriko ditu bikote bakoitzarendako. Sariak sailkatutako lehendabiziko 3 bikoteei emanen zaizkie. Bukatzeko, proba ikustera hurbildu den jendeak, lehiaketan parte hartu dutenek egindakoa dastatu ahal izanen dute. Lagungarri, ardoa eta ogia banatuko da. Azken urteetan, gaztain erreen postua ere paratzen da eta giro polita sortzen da asteazken arratsean. Trikitixa eskolako musikariek ere kalejira eginen dute.
Ortzeguna, egun handia
Baina dudarik gabe, ortzeguneko feria eguna izanen da egun handia, Nafarroako Erregeengandik 1499 urtean eskuratutako Bortzirietako feria. Goiz osorako artisau erakusketa antolatu du San Fermin erretiratuen elkarteak Beheko Plazan. Azienda lehiaketan iazko sari beretsuak mantenduko dira. Behi-aziendei dagokienez, hiru kategoriatan banatuko dira, holandesak, suitzarrak eta haragitakoak eta bakoitzean hiru sari banatuko dira, 190, 160 eta 100 eurokoak eta kategoria bakoitzeko irabazleari oroigarri bat ere emanen zaio. Zaldi aziendentzat ere hiru sari izanen dira, 125, 95 eta 50 eurokoak eta iaz bezala, pottoka onenak 100 euro, monturako zaldi onenak 80 eta ponny onenak 70 euro jasoko ditu. Aharientzat ere hiru sari izanen dira, 50, 30 eta 20 eurokoak. Plazan aziendak ikusgai dauden bitartean, 11:00etan aizkolariak ariko dira eta ondotik Unai Agirre eta Julio Soto bertsolariak, Bortzirietako bertso eskolak antolatutako saioan.
Plaza inguruan eta Bittiria karrikan hainbertze saltzaile ere izanen dira, beraien produktuak salgai dituztela eta horien inguruan hainbat jende bilduko da, eskaintza onen baten bila.
Pilota jaialdia
Bazkalondoan, 17:30ean pilota partidak jokatuko dira. Lehenik gazteak ariko dira, Anso eta Agirre, Canabal eta Eskirozen kontra eta gero, partida nagusian, Beñat Oronoz herritarrak atzelari ariko den Mikel Goñirekin bikote eginen du, Patxi Eugi eta Iñaki Otxandorenaren kontra jokatzeko. Sarrerak aitzinetik salgai daude Xaruta ostatuan, 9 euroren truke. Takilan 10 eurotan salduko dira egun berean. 19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Triki Ta Ke, Lesakan aurtengo udazkeneko feriak akautzeko.