Azaroaren 24an, igandean, bukatu zen 2013ko Etxalarko sarezko uso harrapaketa sasoia. Aurten, denboraldia egun batzuk luzatu da (normalki azaroak 20an bukatzen da), izan ere hotza eta usoak espero baitziren eta hala izan zen, ortziralean, 5 dozena hartzea lortu baitzen. Denera 85 dozena eta erdi harrapatu dituzte Usategietako sareetan.
Eguraldiak ez die sareei lagundu sasoi hontan, izan ere urriko hilabete guztian hegoaizea egin baitu eta azaroko egun guztietan euria egin du. Hau dela eta, sareak 30 egunez bakarrik jarri ahal izan dira. Hala eta guztiz ere, sareekin denetara 85 dozena eta erdi uso harrapatzea lortu da, aurreko urtean baina 20 uso guttiago. Egun hoberenak, urriaren 30 eta 31 (19 eta 18 dozenakoak) eta azaroaren 15a (14 dozenakoa) izan ziren.
Ehun dozenen suziria bota ez den arren, usazaleak konforme daude egindako lanarekin eta sasoi bukaera, azaroaren 16an egindako urteroko bazkariarekin ospatu zuten. Berrogei bat usazale eta lagun bildu ziren bertan.
Bisita gidatuak
Hegoaizeak ez die usoei lagundu, baina bai bisita gidatuei, izan ere, inoiz baino jende gehiago animatu baita hauek egitera. Denetara, 450 lagun inguruk ezagutu dute barrutik ehundaka urteko tradizio hau eta hauetako batzuek ere, usoak eta beraiekin egiten den lana bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Bisitari gehienak Euskadi eta Nafarroatik etorri dira, baina Madril, Katalunia eta Frantziatik ere etorri dira.
Aurten, 12 uso bizien zozketa, usazaleen etxolan bertan egin zen azaroaren 15ean, gastronomia lehiaketa zela aprobetxatuz. 12 uso bizien zenbaki irabazlea 346-a izan zen eta bere nagusia, berehala agertu zen. Bigarren sariaren zenbakia (Bi lagunentzako afaria Elutsan), 141-a izan zen eta hirugarrena (usategietako produktu lotea), 318 zenbakia. Bigarren zenbakia irailako Lizaietako bestan saldua da, baina honen nagusia, hirugarren zenbakiaren nagusia bezala, oraindik ez da agertu. Zenbaki hauek dituenak, 690 26 77 56ra deitu behar du, saria eskuratu ahal izateko, hiru hilabete baino lehen.
Piriniotako usategien artean hirugarren
Bertze urte batez ere, Etxalarko Usategiek hirugarren postua mantendu dute, Pirinioetako 10 sarezko usategien harrapaketen “ranking”-ean. Lehenengo postuan, boneta edo txapel handia eramango duena Napal izan da 1.580 usorekin, bigarrena Lanne, 1.438rekin, hirugarrena Etxalar, 1.026rekin, laugarrena Lantabat 765-ekin, Oxkix 606rekin, Beorlegi 319rekin, Lekunberry 272rekin, Aldude 265-ekin, Sara 77rekin eta boneta ttikia Gatagorenarentzat, 22 usorekin. Datorren abenduaren 7ean, Pirinioetako usazale guztien urteroko bazkaria ospatuko da, non 300 lagun baino gehiago biltzen diren sareen besta honetan. Aurten, Beorlegi herriaren txanda da eta bertan ez dira Etxalarko Usazaleak faltako.