Bortzirietako Euskara Mankomunitateak jostailuei buruzko hitzaldia eta erakusketa antolatu ditu datorren azaroaren 27rako (asteazkena), Berako Kultur Etxean. Hitzaldia 17:00etan hasiko da eta ordu bat iraunen du; ondotik, erakusketa ikusteko aukera izanen da, baita jostailuak probatzeko eta zalantzak argitzeko ere. Euskarazko Produktuen Katalogoa ere banatuko da.
Erakusketa Dindaia Fundazioak prestatu du, eta Aitziber Sala izanen da solastuko den aditua. Solasaldian honako gai hauek landuko ditu, batez ere Eguberriak eta opari garaia datozela kontuan hartuta: Nola aukeratu haurrarentzako jolasa? Nola aukeratu jostailu egokia? Zer nahi dute haurrek? Zer behar dute? Zein irizpide jarraitu behar ditugu? Nolako baloreak ari gara sustatzen publizitatearen bidez? Aukera benetan librea da? Zein bertze aukera egon daitezke? Jostailua jolaserako tresna da. Egin dezagun hausnarketa. Hitzaldiak irauten duen bitartean haurtzaindegi zerbitzua izanen da (doan).
Euskarazko Produktuen Katalogoa banatuko da
Egunotan banatuko du Euskara Mankomunitateak Euskarazko Produktuen Katalogoa. Bortzirietako 3 eta 16 urte bitarteko ikasleek ikastetxearen bidez hartuko dute katalogoa egunotan bertan, eta 3 urte bitarteko haurrak dituzten familiei posta bidez ailegatuko zaie.
Ohi bezala, katalogoa Euskal Herriko 100 bat udal eta mankomunitatetako euskara zerbitzuek osatu dute. Beraz, Euskal Herrian barrena milaka katalogo banatuko dira. Katalogoaren 16. edizioa da aurtengoa.
Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek. Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.
Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da. Bertzalde, www.katalogoa.org webgunean, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen bertze anitz agertzen dira; urte osoan bizirik eta eguneratua dagoen gunea da.