Osasunbideko eta Osakidetzako medikuek herritarren historialak partekatuko dituzte

TTIPI-TTAPA 2013ko azaroaren 14a

Informazio hutsuneak sahiesteko

Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu du berriki Osasunbideko eta Osakidetzako ordezkariekin. Horren ondorioz, Bortzirietako inguruko biztanleen historia klinikoak kontsultatzeko aukera izanen dute aurrerantzean Nafarroako medikuen sare publikoko langileek eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko profesionalek ere. 
 
Lesaka, Bera, Etxa­lar, Igantzi eta Arantzako 8.486 biztanleei eraginen die  neurriak. Bortzirietako herritarrek Osasunbideko profesionalen eskutik jaso­tzen dute lehen mailako arre­ta baina a­rreta espezializatua behar dutenean Irungo Bidasoa Eskualdeko Ospitalean joaten dira 1989az geroztik, alegia, zentroa ireki zutenetik. Gertutasun geografikoa eta errepideen loturak izan dira  Bortzirietako herritarrak Osakidetzan artatuak izatea eragin dutenak. Orain arte pazientea arduratu izan da txostenak erakunde batetik bestera eramateaz eta, ondoren, agiriak eskaneatu behar izaten ziren historia klinikoan gorde­tzeko. U­rrats horiek, batzuetan, ez ziren behar bezala bete­tzen eta osasunaren alorreko profesionalek informazio-hutsuneak izaten zituzten, horrek erabiltzaileei arreta egokia ematea eragotziz.  
 
Lan hitzarmenaren ondorioz, Bortzirietako herritarren historia klinikoetarako sarbide partekatua izango dute Osasunbideko eta Osakidetzako profesionalek. Historia klinikoak erabat informatizatuta izanen dituzte eta hala, bi erakundeetako txostenak ordenagailu bidez eskuratzeko aukera izanen dute bateko zein bestekoek.  
 
Zehazki barne-medikuntza, traumatologia, endokrinologia, ginekologia... arloko a­rreta jasotzen dute Bor­tzirietako herritarrek Irungo Ospitalean. Eta onkologia eta kardiologia bezalako espezialitateetarako Donostian artatzen dituzte, Irunen ez baita espezialitate horien arreta ematen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun