Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu du Mankomunitateak

TTIPI-TTAPA 2013ko aza. 14a, 10:33
Ehun lagun baino gehiagok parte hartu zuen euskarari buruzko gogoeta prozesuan. Artxiboko argazkia

Euskara normalizatzeko 2013-2014 epealdirako

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 2014-2017 epealdirako Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu zuen azaroaren 8an Berako Beralandetan.
 
Plan hau osatzeko otsailetik ekainera gogoeta parte hartzailea antolatu zuen Euskara Mankomunitateak. Gogoeta prozesu horretan 100dik goiti lagun aritu ziren, Elhuyar Aholkularitza enpresaren laguntzarekin. Prozesu horretan azken hamarkadetan Bortzirietan euskara normalizatzeko egin den lana aztertu zen, eta egoeraren diagnosia osatu zen. Horrekin batera, hurrengo urteetan euskararen egoera hobetzeko helburuak eta landu behar diren ildoak finkatu ziren.
 
Horiek oinarri hartuta, mankomunitateak datozen lau urteetarako plan estrategikoa osatu du.
 
ZER LANDUKO DU PLAN ESTRATEGIKOAK?
Gogoeta prozesuan ateratako ideiak oina­rri hartuta, eta azken urteotan landu diren eta segida izanen duten lan ildo batzuk gehituta, euskara normalizatzeko plana hamahiru esparrutan multzakatu du Mankomunitateak: familia bidezko transmisioa, euskalduntzea-alfabetatzea, hezkuntza, administrazioa, arlo sozioekonomikoa, aisialdia, gazteak, hizkuntz integrazioa, kulturgintza, komunikabideak eta teknologia berriak, corpusa, egoera soziolingustikoa, parte-hartzea eta antolamendua. Guztira 65 ekintza inguru aurreikusi dira; horietako batzuk zehatz-zehatzak dira, une jaki batean antolatu edo gauzatuko direnak, eta bertze batzuk orokorragoak, lau urtean zehar garatzen joanen direnak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun