Baserritarren Egunean azienda aunitz ikusteko modua izan zen

Nerea ALTZURI 2013ko azaroaren 14a

Hemezortzigarren urtez, giro ederra izan zen Baserritarren Egunean. Mikel LARRETXEA

Gazta Lehiaketa Senberroko Kontxita Ordokik eta ahari lehiaketa Oskozeneko Leontxio Oskozek irabazi zituzten

Udazkeneko kulturaldia bi egunetara mugatu bada ere, aski egun aberatsak eta jendetsuak izan dira biak ere. Azaroaren 1ean, Ekai­­t­za elkarteak hemezor­tzigarren urtez antolaturiko Baserritarren Eguna jendetsua izan zen. Goizetik, bertako nahiz in­guruko herritar aunitz hurbildu ziren frontoi ingurura. Herriko produktu, eskulan, talo, gozoki eta azienda aunitz ikusteko modua izan zen. Jende aunitz bertako produktuak etxera eramateko nahiarekin etortzen da azokara eta aurten ere, horretarako aukera paregabea zegoen. Pellettikiren aldeko ostatuan, traguxkak eta pintxoak hartzeko aukera ere hortxe zegoen. Edizio honetan gainera, bertze urteetan baino azienda gehiago izan zen herriko plazan. Aurten antolatzaileek 50 eurorekin saritu dituzte zazpi buruko loteak ekarri dituztenak. 
 
Bi lehiaketa egin ziren egun horretan. Bederatzigarren gazta lehiaketan hameka ardi gazta izan ziren eta epaimahaiko ordezkariak probatzen aritu ziren.
 
 Senberroko Kontxita Ordokik eraman zuen lehen saria (60 euro).  Herriko lehiaketa honetan bigarren aldia da irabazten duela.
 
Bigarren saria, Berako Lurraren Egunean irabazle izan zen Serorinbordako Margari Madariagarentzat izan zen (40 euro) eta hirugarrena berriz, Otsarrako gaztak eraman zuen. Ahari lehiaketari dagokionez, sei buru aurkez­tu ziren eta lehen saria (50 euro) Oskozeneko Leontxio Oskozenak eraman zuen eta biga­rrena (25 euro) Filipenbordako Xeberino Indakoetxeak jaso zuen. 
 
Goiz polita pasatzeko modua izan zuten hurbildu zirenek. Bidenabar gainera, hainber­tze lagunek, eskolako mendeurreneko argazki erakusketa ikusteko modua izan zuten. Larunbatean ere horretarako aukera bazen. Arra­tsaldean hau­rrentzako filmeak eta helduentzako antzerkia ere izan ziren.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun