Lurraren Egunaren 27. edizioak jendetza erakarri zuen

TTIPI-TTAPA 2013ko azaroaren 14a

Aitor AROTZENA

Eguraldi eguzkitsu eta epela lagun, jendetza bildu zen urriaren 27an, Gure Txokoak hogeita zazpigarren aldiz antolatutako Lurraren Egunean. 88 eskulangileren eta 48 elikadura produktuen postuak hedatu ziren Altzate karrikan, Al­tzateko Plazan eta baita Illekuetako zubiko bertze aldean ere, Merkatuko Plazan. Gazta lehiaketan 15 ale aurkeztu ziren eta horien artean, Arantzako Serorenbordako Margarita Madariagak irabazi zuen lehen saria, 220 euro. Bigarren saria, 100 euro, Berako Garmendikobordako Sokorro Almandozek eraman zuen. Sagardo lehiaketara, berriz, 13 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Alkaiagako Soruako Felipe Matxikotek aurkeztutakoak eskuratu zuen 200 euroko lehen saria. 75 euroko bigarren saria Lesakako Lauen Ametsako Joxe Mari Elgorriagak eskuratu zuen. Rosa Errandoneak herritarrei buruzko 354 argazki erakutsi zituen Labiagan. Bezperako 7. Barazkiopil lehiaketan, Xanti Maiak eta Ttarrattok lortu zuten lehen saria (100 euro eta kaja bat ardo). Bigarren saria, kaja bat ardo, iazko irabazleek, Kotte San Juanek, Imanol Erkiziak, Joseba Lasartek eta Igor Telletxeak irabazi zuten eta ohorezko hirugarren postua, Patxi Pikabea, Matxikote, Juan Luis Irazoki eta Pollorentzat izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun