Nafarroako Gobernuak Berako liburuzain lanposturako euskara ezagutzarik ez eskatu izana auzitara eraman zuen Udalak. Uztailean egin zen epaiketa, eta Nafarroako Lurralde Auzitegiak urriaren 29an jakinarazi du sententzia. Bertan, neurri batean bederen, arrazoia ematen zaio Udalari.
Udalak eskatua zuen lanpostu horretarako derrigorrezkoa izatea euskararen ezagutza, Bera eremu euskaldunean dagoelako, eta beraz, administrazio publikoak bermatu egin behar dielako herritarrei arreta bi hizkuntzatan jaso ahal izatea. Sententziak ez du derrigortasun hori onartu, baina bai ordea, euskara meritu kualifikatu gisa baloratu behar zuela Nafarroako Gobernuak. Liburuzain lanpostua hautatzeko prozesua errepikatzera behartzen du epaiak, euskara meritu kualifikatu gisa baloratuz. Nolanahi ere, epai honek Berako liburutegiari baino ez dio eragiten, eta ez du ondoriorik lehiaketara ateratako gainerako 13 lanpostuetan.
Marisol Taberna alkateak, sententzia honen balorazio gazi-gozoa egin du; gozoa batetik, «Udalari errekurritzeko zilegitasuna aitortu diolako, eta oposizio-lehiaketa errepikatzera behartzen duelako Gobernua, euskararen ezagutza ez zuelako aintzat hartu; baina gazia bertzetik, lanpostuari ez diolako derrigorrezko ezagutzarik ezartzen, eta euskarari meritu izaera baino ez diolako onartzen».
Gobernuak aurki erabaki beharko du errekurtsoa jarri edo ez. Udalak exijitzen dio «ez dezala errekurtsorik paratu, eta herritar guztien hizkuntza eskubideak aitortu eta errespetatu ditzala». Horretarako, «Berako liburutegirako lanpostua berriz ere lehiaketara atera, eta euskararen ezagutza derrigorrezkoa izan dadila exijitzen diogu, horrek baino ez baitigu bermatuko herritar guztiei hizkuntza bietan artatuak izateko dugun eskubidea».
Udalak sententzia baliatu nahi du, bertze behin, Gobernuari eskatzeko «itsukeria alde batera utz dezan, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat aitortu eta hizkuntza eskubideen urraketekin behin betirako bukatzeko».