Madrilen hamarnaka euskal herritarren aurka egiten ari diren epaiketa salatzeko Bortzirietako hainbat herritar bildu zen urriaren 26an Etxalarren. Urriaren 14an eta 17an abiatutako bi auzitan, ehundik gora lagun epaituak izaten ari dira, euren jarduera politikoa dela eta. Epaiketa horretan auzipetua izan den eta dagoeneko libre utzi duten Josu Iraeta etxalartarra ere agerraldian izan zen.
Agerraldian salatu zutenez, «2002an irekitako prozedura juridikoaren ondorioz, Iraeta eta gainerako euskal herritarrak hamaika urtez egon dira epaiketa honen mehatxupean, batzuk kartzela zigorrak betetzen, fidantzak ordaintzen, jarduera politikoarekin ezin segituz, estatutik ateratzeko debekuarekin…».
Epaiketa bera ere zigorra dela uste dute, Madrilera joan-etorriak, egonaldiak… Epaiketa hauen salbuespen izaera ere salatu dute, «sumarioaren instrukzio irregularraz gainera, epaiketan izanen diren peritu guztiak poliziak dira, instrukzioa egin zuten polizia berberak. Horrelakorik ez da Europa osoan ematen».
Euskal Herrian aro politiko berria bizi dugun honetan, «onartezina da iraganeko formulekin segitzea», eta bake eta konponbidearen kontrako norabidean ematen diren urratsak geldiarazteko sortu den Libre Ekimenarekin bat egin dute: «Libre Ekimenak ez du eskatzen epaituak direnen ideia politikoekin bat egitea, ideia eta jarduera politiko guztiak errespetatuak izatea baizik, hau da, inor ez kriminalizatzea defendatzen dituen ideiengatik. Beraz, herritar guztion askatasunaren aldeko ekimena da» jakinarazi zuten eta epaiketa politikoek segitzen duten artean, «herritarrok karriketan izanen gara, horiekin bukatzea lortu arte».