Urtero egiten duten bezala, musikarien patroia den Santa Zezilia egunean ekitaldi berezia antolatu du Lesakako Musika Bandak, kultur taldeekin batera. Plaza inguruan, herriko talde ezberdinek emanaldiak eskainiko dituzte ortziral arratseko 8etan hasita.
Azaroaren 22an, ortziral arratseko 8etan hasiko da ekitaldia udaletxeko areto nagusian abesbatzak eskainiko duen kontzertuarekin. Akordeoilariak bigarrenak izanen dira jotzen, udaletxeko arkupetan. Trikitixa taldeak Mendegia harategiaren aitzinean joko du eta txistulariek hauen ondotik plazako kioskoan. Azkenik, musika bandak eskainiko du emanaldia, Kasino jatetxearen atarian. Kontzertuak, urtero bezala ,15 minutukoak izanen dira gutxi gora behera, baina aurten leku ezberdinetan izan beharrean denak plaza inguruan izanen dira.
Aurten ere, bertze ekitaldi bat gehitu diote Santa Zezilia ospakizunari: hurrengo egunean, azaroaren 23an (larunbata) 12etan plazatik abiatuta kalejira bat eginen du talde bakoitzak herriko txoko guztiak musikaz betetzeko.