Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Gizarte zerbitzuen Mankomunitateak eta Hiri Hondakinen Kudeaketarako Mankomunitateak beren langile finkoak funtzionario bihurtzeko pausoa eman nahi zuten baina Nafarroako Gobernuak inpugnatu egin du erabakia.
Jose Javier Esparzak, Gizarte, Ingurumen eta Administrazio kontseilariak aurkeztutako errekurtsoan biltzen denez, Mankomunitateek eman nahi duten pausoa ilegala da, hitzarmena aurkeztu zuten garaian beren estatutueetan langileak funtzionarioak izatea debekatzen zuen araua indarrean zegoelako eta ez dutelako lege foralak zehazten zuen epea bete. 19/2013 Lege Forala hartu zuten oinarritzat eskaria egiteko orduan eta honen 3. artikuluaren arabera aldaketa posible zen legea indarrean jarri eta bi hilabeteko epean, alegia, abuztuaren 30era arte. Hala, Nafarroako Gobernuak dio aldaketa gauzatu ahal izateko, lehendabizi estatutuak aldatu eta gero langileak funtzionario bihurtzeko prozesua martxan jarri behar zutela Mankomunitateek eta ez estatutuak eta langileen egoera batera aldatu.