Datorren larunbatean, azaroak 16, 22:00etan, Tartean Teatroak Lingua nabajorum emanaldia eskainiko du Berako Kultur Etxean. Sarrera 7 euro kobratuko da. “Euskararen historia txoroa” da, egileek diotenez, antzezlan horretan agertzen dutena.
Haien arabera, euskaldunak historian zehar beti ibili dira liskarrean kanpokoekin edo euren artean. Liskarrok sortu eta garatu omen dute euskara. Gatazka bakoitzari euskararen aldaketa bat dagokio. Hortaz, euskararen garapena ez da inoiz geldituko, gatazkak, modu, batekoak edo bertzekoak, beti izanen direlakoz.
Emanaldia 22:00etan hasiko bada ere, ordu bat lehenagotik kultur etxea irekia egonen da, sarrerak erosi ahal izateko. Sarrerak 7 eurotan eskuratzen ahal dira. Horrela emanen zaio akabila Berako XV. Kafe Antzerki Zikloari. Jakina denez, zikloa Berako Euskara Batzordeak antolatzen du, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin, euskarazko antzerkia ostatuetara eta, oro har, jendea biltzen den tokietara eramateko helburuarekin.
Azaroaren 1ean, Oihan Vegak Euskararen espektakulue eskaini zuen Ikuilu ostatuan eta azaroaren 8an, Begiradak taldeak Balitzen hioa Lixoia ostatuan, argazkian ageri denez.