Urtero bezala, Lesakako Beti-Gazte elkarteak Argazki lehiaketa bat antolatu du maila nazionalean. Urrian argazkizale aunitzek beraien lanak aurkeztu dituzte. Guzira, 38 argazkilarik 105 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, azken urteetan baino guttixeago.
Halere, arrakasta handia izan du, Lesakako eta Nafarroako argazkilariez gain, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Alikante, Logroño, Katalunia, Madril, Valladolid, Burgos, Salamanca, Zaragoza eta Valentziako egileen lanak ere ailegatu baitira Lesakara.
Azaroaren 9an erabaki zituen sariak AFIko Gerardo Garcia eta Jesus Hernandez irundarrek eta Berako Juan Carlos Olaetxeak osatutako epaimahaiak. Lehenbiziko saria Andres Indurain Gutierrez irundarrak lortu zuen, “Todo por la revolución” izeneko argazkiarekin. Honek 350 euroko sari bat eta garaikurra eskuratu ditu. Bigarren saria (250 euro eta garaikurra), Tolosako Jose Maria Arrigain Ijurrarentzat izan da, “Faroles” izeneko lanarengatik.
Kirol argazki hoberenarentzako saria, 200 euro eta garaikurra, Javier P. Fernandez Ferrerasek eskuratu zuen, “Jawi” argazkiarekin. Eta azkenik, Fidel Ordoki Fagoaga argazkilariak Lesakako egile hoberenarentzako saria lortu zuen, "Jonan" argazkiarekin. 200 euro eta garaikurra eskuratu ditu lesakarrak ere.
Erakusketa abenduaren 3ra bitarte
Argazki guztiak Beti Gazte elkartearen egoitzan daude ikusgai abenduaren 3a bitarte. Erakusketa irekia egongo da ordutegi honen arabera: Astelehenetik larunbata arte, arratsaldeko 7:00etatik 8:30 arte eta igandetan: 11:30etik 13:00etara.