Euskal Herriko gizarteak bizi duen garai berrian, bakea eta elkarbizitza sustatzea eta sendotzea lehentasunezkoak dira, eta zeregin horretan konpromiso partekatua bultzatu nahi du Berako Udalak, konpromiso soziala zein pertsonala. Horretarako, eta Baketiken laguntzarekin, Berako Udalak “Elkarbizitza eta bakea” programa martxan paratzea erabaki du. Nafarroan gisa honetako programa bat abian paratzen lehenbiziko udalerria izanen da Berakoa. Programaren garapenerako ezinbertzekoa da herritarrek zuzenean parte hartzea, eta programaren xehetasunak herritarrei aurkezteko ekitaldia prestatu du Udalak heldu den ortziraleko, azaroaren 15a, 19:00etan, Beralandetan.
Programak lau lan-ildo nagusi izanen ditu: alderdi politikoekin bat; herritarrekin bertzea; hezkuntza arloan hirugarrena; eta dibulgazio modukoa laugarrena.
Ekitaldia girotzeko, Elkarriko bozeramale izan zen Gorka Espiauk zuzendutako “Hablan los ojos” dokumentala eskainiko da. Espiauren bigarren dokumentala da hau. Lehenbizikoa, Pluja Seca (Euri lehorra), Baleukok eta TV3 Kataluniako telebistak ekoitzi zuten, eta bertan, nazioarteko bitartekariek Euskal Herriko gatazkan egindako lana jasotzen zuen. Bigarren hau ere Baleukok eta Kataluniako telebista publikoak ekoitzia izan da, eta bertan, 6 pertsonen arteko elkarrizketak biltzen ditu: ETAko bi biktima (Rosa Rodero eta Javier Asla); 18 urtez kartzelan egon den ezker abertzaleko kide bat (Joxean Agirre); torturak erahildako pertsona baten alaba (Tamara Muruetagoiena); Espainiako Botere Judizialeko kide bat (Margarita Robles); eta Eusko Jaurlaritzako giza eskubideen zuzendaria izandakoa (Jon Mirena Landa).
Dokumentalak bertzea onartzea, errelatoak partekatzea, bertzearen sufrimendua ulertzea, elkarrizketa, aditzea, eta batez ere, etorkizunerako mezua izan nahi du. Funtsean, berradiskidetze soziala posiblea dela erakusten du.