Pascual Aldabe omendu du Giltzarri Abesbatzak Arantzan

TTIPI-TTAPA 2013ko azaroaren 11

Pascual Aldabe zenaren alaba, bilobak eta bertze senideak, Giltzarri Abesbatzako Isabel Lacar zuzendariarekin, oroigarria jaso ondotik. Rafael Eneterreaga

Lesakako musikagile zenaren alabari eta gainerako senideei oroigarria eman zien Isabel Lacar zuzendariak kontzertuaren ondotik

Pascual Aldabe lesakarra joan den martxoan hil zen 88 urte zituela. Ibilbide luzea egin zuen musikari lotuta, eta bertzeak bertze, Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioko zuzendaria izan zen. Bera gogoan, kontzertua eskaini zuen Giltzarri abesbatzak larunbatean Arantzako Elizan. Pascial zenaren Matixa alaba eta honen semeak eta bertze senideak ere Arantzan izan ziren eta oroigarri bat jaso zuten Isabel Lacar, Giltzarri Abesbatzako zuzendariaren eskutik.

Ibilbide luzea egin zuen Pascual Aldabek musikaren munduan eta berari omenaldia eskaintzeko asmoz, kontzertua eman zuen Giltzarri abesbatzak larunbatean Arantzako Elizan.

Aldabe 1924an sortu zen Lesakan, eta gaztea zela, hemeretzi urtez Parisen egon zen bere musika ikasketak hobetzeko. Konposizioa, orkestrazioa, pianoa eta orkestren zuzendaritza ikasi zituen. Atzerrian ere hainbat kontzertu eskaini zituen, tartean, Parisen, Londresen eta Madrilen. Abesbatzen zuzendaria ere izan zen, eta hainbat eskoletan Musikaren Historia ere erakutsi zuen.

Kanpoan aunitz ibili ondotik, 1973an Iruñera itzuli zen Pablo Sarasate Kontserbatorioko zuzendari izateko. Hamar urtez aritu zen egiteko horretan eta abesbatzaren eta Ganbara orkestraren zuzendaria ere izan zen.

Bere sorkuntza lana ere aipatzekoa da eta horien artean hauek daude: Miguel de Unamunoren hitzekin egindako El Cristo Iberico; Juan de Alzate eta La Dama de Urtubia Pio Barojak idatzitako izen bereko kondairetan oinarrituak, eta Akelarre ballet burleskoa osatzen dutenak. Vicente Aleixandre Nobel sariak idatzitako olerkietan oinarritutako Los Invencibles abesti zikloa, Nerabe Sorta hari-instrumentuzko orkestarako suite-a. Lope de Vega, García Lorca, Pedro Salinas, Jorge Guillen eta bertze batzuk idatzitako testuen gaineko hainbat lan piano eta kanturako ere egokitu zituen. Aita Donostiaren bildumarekin ere lan haundia egin zuen.

Aldabe aurtengo martxoan hil zen Donostian, 88 urte zituela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun