Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak logo berria du. «Gure irudia nahi genuen, egiten dugun kanpaina eta ekintza guztietan jendeak hori ikusita Mankomunitatea segituan identifikatu ahal izateko» diote Mankomunitatetik. Logoa Berako Iker Mayak diseinatu du eta Mankomunitatean egiten den lana eta "Bortziriak" kontzeptua, zonalde bezala, hainbat xehetasunetan biltzen ditu.
Irudia adar bat da, Mankomunitateak ingurumenarekin erlazio estua baitu. Adar horren hostoak hondakin desberdinak erlazionatzen diren koloreekin margotuak daude (berde iluna, errefusa; marroia, organikoa; horia,ontziak; urdina, papera eta kartoia; eta berde argia beira). Hostoak bortz dira, Bortziriak bortz herriz osatuta dagoelako. Adarrak eta hostoek Bortziriak irudikatzen dute, herriak geografikoki modu horretan daudelako kokatuak. Alde batean, berde iluna Bera da eta marroia Etxalar. Bertze aldean, horia Lesaka da, urdina Igantzi eta berde argia Arantza.