Bortzirietako Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztuko dute ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa 2013ko azaroaren 7a

Plan hau osatzeko joan den otsailetik ekainera bitartean gogoeta parte hartzaile bat antolatu zuen Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Gogoeta prozesu horretan 100dik goiti lagun aritu ziren.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 2014-2017 epealdirako plana egin du eta Beralandetan aurkeztuko du

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 2014-2017 epealdirako Euskararen Plan Estrategikoa egin du eta hori da ortziralean Beralandetan aurkeztuko dutena. 18:30ean egin dute hitzordua. Interesa duten guztiak gonbidatu ditu Mankomunitateak aurkezpenera, eta bereziki gogoeta prozesuan parte hartu zutenei eta euskara batzordeetako kideei dei egiten die bertara joan daitezen.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 2014-2017 epealdirako Euskararen Plan Estrategikoa egin du eta horren aurkezpena ortziralean, azaroak 8, eginen du Berako Beralandetan, 18:30ean.

Plan hau osatzeko joan den otsailetik ekainera bitartean gogoeta parte hartzaile bat antolatu zuen Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Gogoeta prozesu horretan 100dik goiti lagun aritu ziren, banakako elkarrizketetan nahiz lan saio parte hartzaileetan, Elhuyar Aholkularitza enpresaren laguntzarekin. Prozesu horretan azken hamarkadetan Bortzirietan euskara normalizatzeko egin den lana aztertu zen, eta egoeraren diagnosia osatu zen. Horrekin batera, hurrengo urteetan euskararen egoera hobetzeko helburuak eta landu behar diren ildoak finkatu ziren.

Horiek oinarri hartuta, mankomunitateak datozen lau urteetarako plan estrategikoa osatu du, eta prest du herritarrei aurkezteko. Beraz, interesa duten guztiak gonbidatu ditu ortziraleko aurkezpenera, eta bereziki gogoeta prozesuan parte hartu zutenei eta euskara batzordeetako kideei dei egiten die bertara joan daitezen. Ordubeteko aurkezpena izanen da.

 

Zer landuko du Planak hurrengo lau urteetan?

 

Gogoeta prozesuan ateratako ideiak oinarri hartuta, eta azken urteotan landu diren eta segida izanen duten lan ildo batzuk gehituta, euskara normalizatzeko plana hamahiru esparrutan multzakatu du Mankomunitateak: familia bidezko transmisioa, euskalduntzea-alfabetatzea, hezkuntza, administrazioa, arlo sozioekonomikoa, aisialdia, gazteak, hizkuntz integrazioa, kulturgintza, komunikabideak eta teknologia berriak, corpusa, egoera soziolingustikoa, parte-hartzea eta antolamendua. Guztira 65 ekintza inguru aurreikusi dira; horietako batzuk zehatz-zehatzak dira, une jaki batean antolatu edo gauzatuko direnak, eta bertze batzuk orokorragoak, lau urtean zehar garatzen joanen direnak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun