Gazta eta ahari lehiaketak eginen dira Baserritarren Egunean

Nerea ALTZURI 2013ko urriaren 31

Henorea hala da… ehiztarien joan etorria etengabea den sasoi honetan, udazkeneko bertze lore batzuk patxadaz hartzen dute eguna. Beharbada baserri batzuetan horrelakoak ikusten dira baina guttitan era

Barazki, gozoki, zerriki, azienda eta eskulanen erakusketa eta salmenta izanen dira plazan eta frontoian

Aitzineko alean udazkeneko kultur ekimenen berri eman baldin bagenuen ere, aldi honetan, datu eta xehetasun gehiagorekin hornituko ditugu kulturaldiko bi egunak. 
 
Euskara Mankomunitateko teknikariak, udaleko ordezkari eta herriko bertze elkarteetako ordezkariek osa­tzen duten Euskara Ba­tzordeak, ortziralerako eta larunbaterako aukera ezberdinak antolatu ditu herrian. 
 
Ortziralean, azaroaren 1ean, Ekaitza elkarteak antolatutako Baserritarren eguneko hemezortzigarren edizioa ospatuko da. Herriko plaza eta frontoian barazki, gozoki, eskulan, zerriki eta azienden erakusketa eta salmenta izanen dira. Herritarrek beurek egiten dutena ikusgai jarri edo salgai paratzeko postu andana izaten da bertakoen eta kanpotik etorritako bisitarien gustaga­rri. 
Aurten, bertze urte batez, gazta eta ahari lehiaketak eginen dira. 
 
Herriko ardi gazta hoberenak 60 euroko saria jasoko du; bigarren saria 40 eurokoa da eta hirugarren saridunak 20 euro jasoko ditu.
 
Ahari lehiaketari dagokionez, bi sari daude: Lehenengo saria 50 eurokoa da  eta biga­rrena 25 eurokoa. 
 
Ardi eta ahuntzen erakusketa indartze aldera, zazpi buruko loteak ekartzen dituztenei  50 euro emanen zaizkie.
 
Horretaz gain,  urtero bezalaxe ostatua ja­rriko da eta aldi honetan, bertan eskaintzen diren pintxo eta traguxketatik ateratzen den dirua Pelle TTiki haur eskolarentzat izanen da.
 
Bertzalde, aurten lehendabiziko aldiz, eskolako guraso elkarteak ere postu bat jarriko du eta bertan, heldu den urteko egutegiak, eskolako ehungarren urteu­rreneko motxilak eta dvd-ak salgai jarriko dituzte. Lerro hauen bidez, guraso elkartekoak egutegia osatzeko diruz lagundu duten guziei eskerrak eman dizkie.
 
Baserritarren eguneko merkatuan edo azokan itzulixka bat egiteko aukera paregabea izanen da aurten ere eta nahi duzuen guziak gonbidatuak zaudete. 
 
Gainera, egunean berean eta baita biharamunean ere, Eskolaren ehungarren urteurre­neko erakusketa  ikusgai izanen da Zahar Txokon: ortziralean, goizeko 11etatik ordubatetara eta, larunbatean, arra­tsaldeko zazpi eta erdietatik bederatzietara.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun