Lesakako gai ezberdinak liburua argitaratu du Rafael Eneterreagak, herriko historia eta arkitekturaren zati bat ezagutzera emateko asmoarekin. Eneterreagak bisita gidatuak eskaintzen ditu herrian barna eta horietako aunitzetan animatu dute herriari buruzko zerbait argitaratzera. San Juan bezperan Euskara Batzordeak antolatutako bisitan ere aunitz izan ziren horretara animatu zutenak eta azkenik liburuxka atera du.
Hasieran fotokopia gutti batzuk egin zituen eta Koxkilan utzi, nahi zuenak ikusi, irakurri eta kopia eskatzeko. Geroztik ehun kopia baino gehiago egin behar izan ditu, «herriko historiak sortzen duen ikusminaren erakusgarri». Bertzeak bertze, herriko kontuei buruzko datu laburrak ematen ditu, Ba al zenekien? atalean: (Ba al zenekien herriko zubirik zaharrena konbentu ondoan dagoen Espeako zubia dela, 1720koa?). Ondotik, Ibilbidea Lesakan barna egiten du, 1423ko ordenantzak, Musika Bandaren araudia (1857), Pilota jokuaren araudia (1850) eta euskarazko lehen agirien berri ere ematen du (1829koak dira, Sara eta Lesakako alkateen arteko eskutitzak). Bukatzeko, bando berezi batzuen eta San Juanetan ospatzen zen mairu eta kristauen bestaren berri ere ematen du.
Liburuaz gain, Lesakako kontuaki Facebookean ere ematen ditu ezagutzera Eneterreagak, hiruzpalau kontu irekiak baititu sare sozial horretan eta beti badelako non aritu. «Lehengoan erran zidan batek Agortxeberri eta Tomasenekoborda tarte horreri Kardax deitzen zitzaiola garai batean, kardaberengatik beharbada. Aritu naiz paperetan begira eta ez dut deus topatu, baina berriz ere saiatuko naiz» aipatu digu Eneterreagak, bere jakinminaren erakusgarri.
DATUA
132
ORRIALDE
ditu liburuak