Arantzako Euskara Batzordeak, ortziralerako eta larunbaterako aukera ezberdinak antolatu ditu herrian, Udazkeneko Kultur Kulturaldiaren baitan. Ortziralean, azaroaren 1ean, Ekaitza elkarteak antolatutako Baserritarren eguneko hemezortzigarren edizioa ospatuko da. Herriko plaza eta frontoian barazki, gozoki, eskulan, zerriki eta azienden erakusketa eta salmenta izanen dira.
Herritarrek egiten dutena ikusgai jarri edo salgai paratzeko postu andana izaten da bertakoen eta kanpotik etorritako bisitarien gustagarri.
Ardi gazta eta ahari lehiaketak
Aurten, bertze urte batez, gazta eta ahari lehiaketak eginen dira. Herriko ardi gazta hoberenak 60 euroko saria jasoko du; bigarren saria 40 eurokoa da eta hirugarrenaak 20 euro jasoko ditu.
Ahari lehiaketari dagokionez, bi sari daude: Lehenengo saria 50 eurokoa da eta bigarrena 25 eurokoa.
Ardi eta ahuntzen erakusketa indartze aldera, zazpi buruko loteak ekartzen dituztenei 50 euro emanen zaizkie.
Horretaz gain, urtero bezalaxe ostatua jarriko da eta aldi honetan, bertan eskaintzen diren pintxo eta tragoxketatik ateratzen den dirua Pelle Ttiki haur eskolarentzat izanen da.
Bertzalde, aurten lehendabiziko aldiz, eskolako guraso elkarteak ere postu bat jarriko du eta bertan, heldu den urteko egutegiak, eskolako ehungarren urteurreneko motxilak eta dvd-ak salgai jarriko dituzte.
Gainera, egunean berean eta baita biharamunean ere, Eskolaren ehungarren urteurreneko erakusketa ikusgai izanen da Zahar Txokon: ortziralean, goizeko 11etatik 13:00etara eta, larunbatean, arratsaldeko 19:30etik 21:00etara.
Larunbatean filmeak eta antzerkia
Larunbatean, eskolako guraso elkartearen eskutik, 16:30etik aitzinera, haurrentzako filmak izanen dira Baskulan. Lehendabiziko marrazki bizidunak jarriko dira ttikienentzat eta 17:30 aldera, koxkorragoentzat filma izanen da. Krispetak ere banatuko dira egonaldiaz gozatzeko. Ilunabarreko 8etan berriz, Zirika Zirkusen Patxila Lamur helduentzako antzezlana ikusgai izanen da eskolako gimnasioan.