Berako Euskara Batzordeak, Bortzirietako Mankomunitatearen eta Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatutako Kafe-Antzerki Zikloaren hamabosgarren edizioa azaroaren 1ean, ortziral arratseko 10:00etan abiatuko da Ikuilu ostatuan, Oihan Vegaren “Euskararen espektakulue” ikuskizunarekin. Oihan Vegak (irratiko esatari eta telebistako aurkezle modura ezaguna denak) umorea eta sarkasmoa erabiliz, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu bakarrizketa komiko dibertigarri eta ironiko honekin, musikaz, kantuez eta zineaz lagunduta.
Azaroaren 8an, ortziral arratseko 10:00etan Lixoia ostatuan “Balitzen hioa” antzezlana aurkeztuko du Begiradak taldeak. Ikuskizun hau sortzeko lau bertsolariri proposamen bat egin zieten: nahierara, hitzen inguruan hainbat testu idazteko eskatu zieten, eta, gero, testu horiek haria balira bezala, ikuskizuna josi dute. Ainhoa Agirreazaldegi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdiren hitzak erabili dituzte hitzaren inguruko gogoetak eta iruzkinak ardatz dituen ikuskizun honetarako.
Azaroaren 16an, larunbat arratseko 10:00etan, Tartean Teatroa taldeak “Lingua Nabajorum” taularatuko du Kultur Etxean, «euskararen historia txoroa», egileen erranetan. Haien arabera, euskaldunak historian zehar beti ibili dira liskarrean kanpokoekin edo euren artean. Liskarrok sortu eta garatu omen dute euskara. Gatazka bakoitzari euskararen aldaketa bat dagokio. Hortaz, euskararen garapena ez da inoiz geldituko, gatazkak, modu, batekoak edo bertzekoak, beti izanen direlakoz.
Lehen bi emanaldietan sarrera doan izanen da, eta hirugarrenean 7 euro ordaindu behar da. Sarrerak egun berean erosi ahalko dira, kultur etxean bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.