Nafarroako Gobernuak Berako liburuzain lanposturako euskara ezagutzarik ez eskatu izana auzitara eraman zuen Berako Udalak. Joan zen uztailean egin zen epaiketa, eta Nafarroako Lurralde Auzitegiak urriaren 29an jakinarazi du sententzia. Bertan, neurri batean bederen, arrazoia ematen zaio Berako Udalari.
Berako Udalak eskatua zuen lanpostu horretarako derrigorrezkoa izatea euskararen ezagutza, Bera eremu euskaldunean dagoelako, eta beraz, administrazio publikoak bermatu egin behar dielako herritarrei arreta bi hizkuntzatan. Sententziak ez du derrigortasun hori onartu, baina bai ordea, euskara meritu kualifikatu gisa baloratu behar zuela Nafarroako Gobernuak, eta horretarako, oposizio-lehiaketa egin behar zuela, eta ez oposizioa, egin zuen bezala. Epaiak, halaber, Nafarroako Gobernua behartzen du Berako liburuzain lanpostua hautatzeko prozesua errepikatzera, euskara meritu kualifikatu gisa baloratuz. Nolanahi ere, epai honek Berako liburutegiari baino ez dio eragiten, eta ez du ondoriorik lehiaketara ateratako gainerako 13 lanpostuetan.
Marisol Taberna, Berako Udaleko alkateak, sententzia honen balorazio gazi-gozoa egin du; gozoa batetik, «Udalari errekurritzeko zilegitasuna aitortu diolako, eta oposizio-lehiaketa errepikatzera behartzen duelako Gobernua, euskararen ezagutza ez zuelako aintzat hartu; baina gazia bertzetik, lanpostuari ez diolako derrigorrezko ezagutzarik ezartzen, eta euskarari meritu izaera baino ez baitio onartzen».
Nafarroako Gobernuak hamabortz eguneko epea du errekurtsoa aurkezten duen erabakitzeko. Berako Udalak exijitzen dio «ez dezala errekurtsorik paratu, eta herritar guztien hizkuntza eskubideak aitortu eta errespetatu ditzala». Horretarako, «Berako liburutegirako lanpostua berriz ere lehiaketara atera, eta UEMAk eta Nafarroako bertze hainbat udalerrik eskatu bezala, euskararen ezagutza derrigorrezkoa izan dadila exijitzen diogu, horrek baino ez baitigu bermatuko herritar guztiei hizkuntza bietan artatuak izateko dugun eskubidea», azpimarratu du Tabernak.
Berako Udalak sententzia hau baliatu nahi du, bertze behin, Nafarroako Gobernuari eskatzeko «itsukeria alde batera utz dezan, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat aitortu eta hizkuntza eskubideen urraketekin behin betirako bukatzeko». «Euskara etengabe epai bidean paratzea» deitoratu du Udalak. «Euskararen garapenerako politika ausartak» eskatu ditu Berako Udalak, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio «zerbitzu publikoak euskaraz eman daitezen bermatzeko beharrezko neurriak hartu ditzala». Zeregin honetan, «udalekin eta herritarrekin lankidetza handiagoa edukitzea» ere eskatu dio Tabernak.