Madrilen hamarnaka euskal herritarren aurka egiten ari diren epaiketa salatzeko Bortzirietako hainbat herritar bildu zen urriaren 26an Etxalarren. Urriaren 14an eta 17an abiatutako bi auzitan, ehundik gora lagun epaituak izaten ari dira, euren jarduera politikoa dela-eta. Epaiketa horretan auzipetua izan den eta dagoeneko libre utzi duten Josu Iraeta etxalartarra ere agerraldian izan zen.
Agerraldian salatu zutenez, «2002an irekitako prozedura juridikoaren ondorioz, Iraeta eta gainerako euskal herritarrak hamaika urtez egon dira epaiketa honen mehatxupean, batzuk kartzela zigorrak betetzen (dagoeneko 80 urteko zigorra metatu dute), fidantzak ordaintzen (1.700.000 euro ordainduta), jarduera politikoa ezin segituz, estatutik ateratzeko debekuarekin, kontu korronte pertsonalak blokeatuta eta hamabortz egunetik auzitegian sinatzeko eginbeharrarekin».
Epaiketa bere ere zigorra dela uste dute, Madrilera joan-etorriak, egonaldiak… Gainera, «ez dira jarduera publiko eta politikoagatik zigortuak diren lehendabiziko herritarrak eta ez dira azkenak izanen», jakinarazi zuten agerraldian. Epaiketa hauen salbuespen izaera ere salatu dute, «sumarioan instrukzio irregularraz gainera, epaiketan izanen diren peritu guztiak poliziak dira, instrukzioa egin zuten polizia berberak. Horrelakorik ez da Europa osoan ematen».
Euskal Herrian ari politiko berria bizi dugun honetan, «onartezina da iraganeko formuletan segitzea, eta beraz, estatu espainolaren jarrera mugiezinari erantzunez sortu da Libre ekimena, bake eta konponbidearen kontrako norabidean ematen diren urratsak geldiaraztea beharrezkoa delako».
Etxalarren bildutakoek bat egiten duten Libre ekimen horrekin: «Libre Ekimenak ez du eskatzen epaituak direnen ideia politikoekin bat egiteko, ideia eta jarduera politiko guztiak errespetatuak izatea baizik, hau da, inor ez kriminalizatu izatea defendatzen dituen ideiengatik. Beraz, herritar guztion askatasunaren aldeko ekimenada» jakinarazi zuten eta epaiketa politikoek segitzen duten bitartean, «herritarrok karriketan izanen gara, horiekin bukatzea lortu arte».