Iraizozko Josetxo Barberenak eta Eltsoko Ana Iraizozek irabazi zuten irailaren 28an Igantzin jokatu zen Nafarroako Txapelketa Mistoaren lehen edizioa. Bigarren Arraiozko Xabier Urrutia eta Berako Nerea Sorondo izan ziren eta podiuma osatzeko borroka gogorrean, segundo bakarrarengatik aurreratu ziren Aresoko Itxaso Onsalo eta Beuntzako Mikel Eugi.
Bikote bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 45 ontzako enborrari. Barberenatarrak tartean egonda, beti faborito izaten dira. Bi anaiak dira egungo onenak, eta ez zuten hutsik egin, nahiz eta Iñakik seigarren bukatu zuen.
Lan laburra zuten Igantzin eta horrek ikuskizuna eta berdintasuna handitu egin zuen, tarte txikiak izan baitziren. Josetxo Barberenak eta Ana Iraizozek 20 segundo atera zizkioten Xabier Urrutiari eta Nerea Sorondori, eta minutu bat eskas Mikel Eugiri eta Itxaso Onsalori. Baina podiumerako borroka latza izan zen, hauek segundo bakarra atera baitzioten laugarren izan ziren Daniel Saldias elizondarra eta Amaia Garcia beratarrari, zortzi segundo Larragetako Alberto Oteiza eta Lezaungo Ana Lopez-i eta 15 segundukoa Iñaki Barberena eta Ainhoa Iraizoz-i. Arantzako Julio Lukanbio eta Baztan-Bidasoako GKKko Leire Astiazaran zazpigarren izan ziren eta Arostegiko Julen Kañamares eta Aldazko Argiñe Bildarraz zortzigarren.
Lan laburraren ondotik, abiadurako txapelketa ere jokatu zuten. Bikoteak epai bat moztera lehiatu ziren eta proba honetan ere sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan, Josetxo Barberenak eta Ana Iraizozek lortu zuten garaipena, eta bigarren lekuan Urrutia eta Sorondo sailkatu ziren.
SAILKAPENA
1. Josetxo Barberena - Ana Iraizoz 4:39
2. Xabier Urrutia - Nerea Sorondo 4:59
3. Mikel Eugi - Itxaso Onsalo 5:30
4. Daniel Saldias - Amaia Garcia 4:31
5. Alberto Oteiza - Ana Lopez 5:38
6. Iñaki Barberena - Ainhoa Iraizoz 5:45
7. Julio Lukanbio - Leire Astiazaran 6:41
8. Kañamares III - Argiñe Bildarratz 7:20
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!