Lurraren Egunaren 27. edizioak jendetza erakarri zuen Berara

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 28a

88 eskulangilek beraien produktuak eta lan moldea erakutsi zuten. Aitor Arotzena

Arantzako Serorenbordako Margarita Madariagak irabazi zuen gazta lehiaketa eta Alkaiagako Soruako Felipe Matxikotek sagardoarena

Eguraldi eguzkitsu eta epela lagun, jendetza bildu zen urriaren 27an Beran, Gure Txokoak hogeita zazpigarren aldiz antolatutako Lurraren Egunean. 88 eskulangileren eta 48 elikadura produktuen postuak hedatu ziren Altzateko karrikan, Altzateko Plazan eta Illekuetako zubiko bertze aldean ere, Merkatuko Plazan. Ikusi argazkiak

Eguraldi eguzkitsu eta epela lagun, jendetza bildu zen urriaren 27an Beran, Gure Txokoak hogeita zazpigarren aldiz antolatutako Lurraren Egunean. 88 eskulangileren eta 48 elikadura produktuen postuak hedatu ziren Altzateko karrikan, Altzateko Plazan eta Illekuetako zubiko bertze aldean ere, Merkatuko Plazan. Ikusi argazkiak

Ricardo Baroja eskolan, berriz, baratzeko hainbertze produktu ikusgai zeuden. Honela, letxua, tomate, onddo, gaztaina eta ohiko produktuekin batera, bertze zenbait exotikoagoak ere topa zitezkeen, Nabasturenetik eramandako Topinambur sustraia erraterako, patataraen ordezko modura erabiltzen dena. Maddi Mikelperizenak 16 sagar mota ezberdin plazaratu zituen, tartean errege sagar ohikoekin batera, boskoop reineta, kamux xuria, granwy Smith edo nagusi gorri motatakoak. Eskulangileen artean, Oiartzungo Intxisu Herri Kultur Lantaldeko kode batek hamar eurotan saltzen zuen Zilarrezko Aitzurra, baina doan eskaintzen zuen adarra jotzeko aukera, sardea eskuetan zuela. «Adarra jotzea beti debalde izan da Euskal Herrian» zioen.

 

Gazta eta sagardo lehiaketak

Bien bitartean, 27. Gazta lehiaketako eta 16. Sagardo lehiaketako epaimahaiak lanean ari ziren, azken hauek Karnesenean, Altzateko etxe historikoan.

Gazta lehiaketan 15 ale aurkeztu ziren eta horien artean, Arantzako Serorenbordako Margarita Madariagak irabazi zuen lehen saria, 220 euro. Bigarren saria, 100 euro, Berako Garmendikobordako Sokorro Almandozek eraman zuen. Joan den urtean alderantziz suertatu zen. Sagardo lehiaketara, berriz, 13 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Alkaiagako Soruako Felipe Matxikotek aurkeztutakoak eskuratu zuen 200 euroko lehen saria. 75 euroko bigarren saria Lesakako Lauen Ametsako Joxe Mari Elgorriagak eskuratu zuen.

Egun osoan, besta giroa bizitu zen Beran eta horretan lagundu zuen Irastortza ahizpen trikitixa taldeak, musika bandak, txistulari eta txalapartari taldeek eta musika eskolako talde zeltiarrak. Ikastetxe ezberdinetako ikasleek ere, bere produktuak eta zozketak salgai paratu zituzten, gehienek ikasbidaiak ordaintzeko. Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen. Ikastolan, Rosa Errandoneak paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen, beratarrei buruzko 354 argazki berezirekin. Azken hameka urteotan egindako erakustetetan 2.500 argazki baino gehiago erakutsi dituzte Errandonea anaiek, Rosak eta Totonok, eta horretaz gain, jendeak bere kopia etxera eramateko aukera eman dute.

Arratsaldean, Ritxi Abrilek gidatutako enkantea eta bertsolariez gain, Gure Txokoako dantzariek bere emanaldia eskaini zuten eta dantza herrikoiak ere izan ziren, Muxikoak, Zortzikoak, Larraindantza eta bertze.

 

7. barazkiopil lehiaketa

Bezperan, zazpigarren barazkiopil lehiaketa ere egin zen. Hamahiru koadrilen artean, Xanti Maia eta Ttarrattok irabazi zuten lehen saria, 100 euro eta kaja bat ardo. Bigarren saria, kaja bat ardo, iazko irabazleek, Kotte San Juanek, Imanol Erkiziak, Joseba Lasartek eta igor Telletxeak osatututakoak irabazi zuen eta ohorezko hirugarren postua, Patxi Pikabea, Matxikote, Juan Luis Irazoki eta Pollorentzat izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun