Zabalik dago Bortzirietako 'Euskaraz bizi nahi dut' lasterketan izena emateko epea

Ttipi-Ttapa 2013ko urriaren 21a

Aurten bigarren aldiz eginen da Euskaraz bIzi nahi dut lasterketa.

Krosa azaroaren 2an eginen da Lesakan

Herri krosa Lesakan eginen da azaroaren 2an. Izena emateko epea azaroaren 1era arte egonen da zabalik eta bortz herrietan izanen da apuntatzeko aukera. Izena ematerakoan, 17 urte bitartekoek bi euro ordaindu beharko dituzte eta 18 urtetik goitikoek bortz euro.

Euskal Herriko bertze hainbat txokotan bezala, Bortzirietan ere Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren baitan herri lasterketa eginen dute azaroaren 2an Lesakan. Eta izena emateko epea astelehenean, urriak 21, zabaldu dute. Azaroaren 1era arte izanen da horretarako aukera. Arantzan, Etxalarren eta Igantzin Herriko Etxeetan eta eskoletan, Lesakan Herriko Etxean, ikastetxeetan, euskaltegian, okindegian, Arranon eta Koskilan ematen ahal izanen da izena eta Beran Errekalden eta ikastetxeetan. Izena ematerakoan, 17 urte artekoek 2 euro ordaindu beharko dituzte eta 18 urtetik goitiko gainerakoek, berriz, 5 euro.

Adinaren arabera banatuta, ibilbide desberdinak prestatu dituzte: 6 urte artekoek 200 metroko ibilbidea izanen dute, 7 eta 11 urte bitartekoek 500  metrokoa, 12 eta 14 urte bitartekoek 1.000 metroko ibilbidea, 15 eta 17 urtekoek 2.500 metrokoa eta 18 urtetik goitikoek 5.500 metroko ibilbidea izanen dute. Horrekin batera, aitatxi eta amatxiek 500 metroko ibilbidea osatzeko aukera izanen dute. Lasterketa 17:00etan hasiko da.

Joan den urtean Beran egin zen Bortzirietako Euskaraz bizi nahi dut lasterketa, eta orduan 90 lagun apuntatu ziren. Aurtengo erronka kopuru hori gainditzea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun