Urriaren 20an ospatuko da Usategietako Igandea. Ohiturari jarraituz, usategietara jende aunitz hurbilduko dela espero da, sare bidezko uso harrapaketa tradizionala ikusteko asmoz. Badirudi aurtengoan eguraldiak lagunduko duela jendea Iarmendira igotzeko eta prebisio hauek mantentzen badira, usazaleak bere eguneroko jardunean ikusi ahal izango dira, sareak hedatu eta 600 urteko tradizioa mantenduz.
Sasoia, pasa den urriaren 1ean hasi zen eta dagoeneko, 14 dozena inguru erori dira sareetan aurten, baina oraindik uso gutti pasatu da gure zeruetatik eta datozen egunetan gehiago etorriko dela espero da.
Igande goizean eguraldiak laguntzen badu talo postua jarriko da Lizaietan eta ilunabarrean ostatua jarriko da frontoian. Bildutako dirua herriko dantza taldearendako izanen da. Horretaz gain,18:30etik 21:30etara dantzaldia izanen da plazan Kupela taldearen eskutik.
Igandean ere, astebururo bezala, tradizio hau hobeki ezagutzeko bisita gidatuak izanen dira, ohiko ordutegiekin (9:00, 11:00 eta 12:30). Bisitek ordu bat inguru irauten dute eta azalpenak trepa baten azpitik egiten dira, honela, usoa etortzen bada, bertatik bertara ikusten baita prozesu tradizional guztia eta bukaeran bideo bat ikusten da. Bisitaren prezioa, 4 eurokoa da pertsonako eta 10 lagunetik gorako taldeentzat berriz 3 euro pertsonako. Aurten gainera, hurbiltzen diren guztien artean, usategietako produktuekin betetako saski eder bat zozketatuko da.
Bezperan ere, Tik-Tak taldeak antzerki saioa eskainiko du eta 20:30etik aitzinera lurreko produktuak (sagardoa, gaztainak, pintxoak…) dastatzeko aukera izanen da, euskal kanten musikarekin lagunduta.