Urriaren 20an ospatuko da Usategietako Igandea. Goizean eguraldiak laguntzen badu talo postua jarriko da Lizaietan eta ilunabarrean ostatua jarriko da frontoian. Bildutako dirua herriko dantza taldearendako izanen da. Horretaz gain,18:30etik 21:30etara dantzaldia izanen da plazan Kupela taldearen eskutik. Bezperan ere, Tik-Tak taldeak antzerki saioa eskainiko du eta 20:30etik aitzinera lurreko produktuak (sagardoa, gaztainak, pintxoak…) dastatzeko aukera izanen da, euskal kanten musikarekin lagunduta.
USATEGIETAKO BISITA GIDATUAK
Ehiza eremu honetan, 600 urte baino gehiago dituen sare bidezko uso harrapaketaren tradizioa bizirik ikusteko aukera dago. Hainbeste urtez bizirik irauteagatik eta Iberiar penintsulan bakarra izateagatik, gure ondare kulturalaren partaide da eta horregatik, Nafarroako Gobernuak IKO izendapena eman zion (Interes Kulturaleko ondarea). 2003ko udazkenean, bisita gidatuak eskaintzen hasi zinen, alde batetik ehiza mota honi laguntza bat emateko eta bestetik ondare kulturala ezagutzera emateko asmoz. Bisitak urriaren 1etik, azaroaren 20ra bitarte, ortziraletik igandera eskaintzen dira, goizeko 9:00etan, 11:00etan edo 12:30ean (beti ere aldez aurretik deituta) eta bertan, sarezko uso harrapaketaren tradizioari buruzko xehetasunak azaltzen dira. Azalpenal osatzeko ikus-entzunezko bat ere eskaintzen da. Bisitak, trepa baten azpitik egiten dira, usazaleak lanean ari diren bitartean (eguraldia eta ehizaren arabera). Honetaz gain, sareetan behatoki batera sartzeko aukera ere badago, bertatik, usoa datorrenean, sareetan nola sartzen diren ikusten baita. Bisitaren iraupena, 60 minutu ingurukoa da eta prezioa berriz, 4 eurokoa da pertsonako eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeek, 3 euro ordaindu behar dituzte pertsonako.Informazio gehiago www.etxalar.org orrian.