Argazki lehiaketa antolatu du aurten ere Beti Gaztek

Aitor AROTZENA 2013ko urriaren 17a

Urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira lanak

Beti Gazte elkartearen 70. urteurreneko ospakizunen barrenean, argazki lehiaketa be­rreskuratu zuten duela hiru urte eta aurtengoan ere segida eman nahi diote ekimenari. Honela, nahi duten afizionatu guziek har dezakete parte eta lanak u­rriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira Beti Gazte elkartean (Beheko Plaza 9, 31770 Lesaka), gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz.
 
Argazkien gaia librea izanen da, baina sari berezia izanen da kirol argazkirik hoberenaren­tzako. Paperean egindako argazkiak aurkeztu beharko dira, zuri-bel­tzean edo kolorean eta digitalki manipulatu gabeak. Argazkiekin batera, CD bat bidaliko da, aurkezturiko argazkiak edukiko dituena, JPEG formatoan, 300 pppko guttieneko bereizmenarekin. Egile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkezten ahal ditu eta berak erabakiko du argazkiaren neurria, nahiz eta horietako bakoi­tzak gehienez 30x40 zentimetroko kartulinan jarrita egon beharko duen.
 
Lau sari emanen ditu Beti Gazte elkarteak. Lehenbiziko saria, 350 euro eta trofeoa izanen da eta bigarrena 250 euro eta trofeoa. Gainera, herriko egileen artean argazkirik onenari 200 euro eta trofeoa emanen zaio eta arestian aipatu bezala, sari berezia, 200 euro eta trofeoa izanen da kirol argazkirik onenarentzat.
 
Antolatzaileek izendatuko duen epaimahaiak azaroaren 9an emanen du erabakia eta egun berean hasita, azaroaren 9tik abenduaren 1era, erakusketa izanen da Beti Gazte elkartearen egoitzan.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun