Gure Txokoa elkarteak hogeitabatgarren aldiz antolatutako Mendi Bizikleta Ibilaldian 130 txirrindularik parte hartu zuten irailaren 29an. Ibilaldi luzeenean (35 km) 82 lagun atera ziren eta horien artean Joxe Mari Goia igantziarra izan zen bizkorrena; 25 kilometroko laburrenean 24 txirrindulari atera ziren eta haurrei zuzendutakoan bertze horrenbertze. Eguraldi bikaina izan zuten lagun baina antolatzaileek salatu dutenez, norbaitek bideko seinalizazioa aldatu eta bidean oztopoak jarri zituen, partehartzaileen segurtasuna arriskuan paratuz.