Lurraren Eguna ospatuko da urriaren 27an

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 17a

Bezperan Lizuniagako Igoera eta barazki-opil lehiaketa eginen dituzte

27an hogeitazazpigarrena. Ohiturari eu­tsiz, urriko laugarren igandean ospatuko da Lurraren Eguna. 27. edizioa beteko du Gure Txo­koa Elkarteak Kultur Batzordearen lagun­tzarekin antolatutako ekitaldiak eta hilaren 27an eginen da. 
 
Bezperako egitaraua urtetik urtera osatuagoa izaten da. 15:30ean ttiki­en lasterketak eginen di­ra eta 17:00etan Lizu­nia­gako igoera. 18:00­etan Beratarrak argazki erakusketa zabalduko du Rosa Errandoneak Labiaga ikastolan eta 19:00etan barazki opil lehiaketaren zazpiga­rren edizioa eta trikitilariak izanen dira Altzateko frontoian.
 
Baina igandea izanen da egun nagusia. 09:00etarako lehiaketarako barazkiak, gaztak eta sagardo botilak eraman beharko dira Ricardo Baroja eskolara. 10:00etatik aitzinera eskulangileen eta elikadura azoka eta barazki erakusketa eginen dira Al­tzaten eta 10:30ean txalaparta, zeltiar musika eta Irats trikitilariak izanen dira Altzateko plazan. Antolatzaileek gogorarazi nahi dute Al­tzateko plazako zubitik Illekueta eta Matzada aldera pasatuta dagoen plazatxoan ere izanen direla postuak, joan den urtean bezala. 11:00etan hasiko da Bortzirietako 27. Gasna lehiaketa eta Berako trikitixa eskolakoak kalejiran abiatuko dira. Eguerdian, 16. Sagardo Lehiaketa eginen da Karnaxenean eta kalejiran aterako dira Musika Eskolako eta Berako bandako musikariak. Arratsaldean ere segituko du bestak. 16:00etan hasita Altzateko Plazan haurrentzat musika, sari banaketa bertsolariekin, enkantea Ritxirekin, Gure Txokoako dantzarien saioa eta Kiki Bordatxorekin dantzaldia izanen da. Egun guztian musika, taloak, eta jaki eta edari dastatzeak eginen dira. Euria egiten badu ekitaldiak Altzateko frontoian eta Toki Ona kiroldegian eginen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun