Duela 25 urte sortu zuten eskualdeko hiru emakumek Berako Alkoholiko Anonimoen taldea. Geroztik taldea aldatzen joan da. Tartean ordea, bada hasiera hasieratik taldeko partaide izaten segitzen duenik. Isidora izan zen taldearen sortzaileetako bat eta orain kide berriei laguntzen segitzen du. 67 urte ditu eta 27 daramatza alkohol tantarik probatu gabe. Bilerak bere «bizitzaren ezinbertzeko parte» bihurtu direla dio, «pilak kargatzeko eta ongi pasatzeko hitzordua dira, azken finean, «ulertua sentitzeko txokoa».
E. IRAOLA | BERA
Asteazkenero egiten dute hitzordua, zortzietan udaberri eta uda partean, zazpietan udazken eta neguan. Hamalau laguneko koadrila biltzen da eta «bi aurpegi dituen arma» dute hizpide: alkohola. Denak berdinak dira taldean «ez dugu ez maisu, ez irakaslerik. Dugun arazo batetaz hitz egiteko txokoa da. Aitzinera egiteko indarra ematen duena. Ez da inor epaitzen, inori kargu hartzen, elkarri babesa ematea da helburua» erran digu Isidorak. Bertan egiten duten lana «ttikia, erdi isilekoa, baina batzuentzat ezinbertzekoa» dela argi du «zulo beltzetik ateratzeko aukera bakarra izan liteke gure taldea».
Mende laurden honetan, egoitzaz ere aldatu dira, lehendabiziko zahar etxean hasi ziren, gero elizako etxean segi zuten eta Isidoraren etxean bertan ere bildu ziren hamaika urtez. Azken urteetan Udalak Beralandetan utzitako lokalean elkartzen dira.
Taldea partaide kopuruari dagokionez, ez omen da beti hain oparoa izan. Urte batean, Berako Alkoholiko Anonimoetako taldekide bakarra izan zen Isidora, baina hala ere ez zuen taldea bertan behera utzi »zaila delako desegindako talde bat berriro martxan jartzea eta sentitzen nuelako bazela jendea laguntza beharrean».
Alkoholismoa «gaixotasun progresiboa eta sendaezina dela eta heriotza eragin dezakeela onartu bertze erremediorik ez dugu» gaineratzen du. Baina arazo bat duzula onartu eta laguntza eske joan ondotik, «zuri nork esan behar dizu, hasiera horretan bizi guztian zehar ezin duzula alkoholik edan? Hori izugarria da». Horregatik, emaitza bera lortzeko bertze metodo bat erabiltzen dute, «gure buruari esaten diogu 24 orduz ez dugula edango. Eta aunitz iruditzen bazaigu, 12 orduz izan dadila… berdin da ordu erdika pentsatzen joatea ere. Ordu erdika, ordu erdika, osatuko baitugu eguna, hilabetea eta urtea. Horrela psikologikoki ez da hain kolpe gogorra izaten».
ALKOHOLA ERROTUA
«Alkohola kultura bat da gurean. Zein ospakizun da alkoholik gabe? oso gutxi edo bat ere ez. Guk alkoholari ezetz handi bat esaten ikasi behar dugu. Predisposizio ikaragarria dugulako. Lehendabiziko trago edo basoa da guri kalte egiten diguna, lehendabizikoaren ondotik, ez dakigulako gelditzen.
Gainbeherak ere izaten direla onartzen du «alkohol tanta bat nahikoa izan liteke urteetako lana bertan behera uzteko». Lana bai, eguneroko lana baita edatez uztea. Ezertan hasteko horregatik «borondatea» da behar-beharrezko faktorea eta helburua lortzean «zer irabaziko duzun eduki behar duzu beti present». Alkoholarekin arazoak dituen pertsona batek «poliki poliki konfidantza osoa galtzen du, baina arazoaz jabetu eta neurriren bat hartzen badu, bere buruarekin lan eginda, berreskuratu dezake galdutako konfidantza hori» azaldu digu Isidorak.
Aitortu digu bileretara joaten hasteko pausoa ematea ez dela erraza zenbaitentzat. Arazo nagusiena, «lotsa» dela uste du, «herrikoen, auzokoen, ezagunen... zeresanen beldur dira». Dena den, gaineratzen du «ez garela ohartzen, edaten dugulikan ere behatzarekin seinalatzen gaituztela, nabari dutela nola gabiltzan». Zulotik ateratzea lortzen bada ordea, «bost axola zeresanei, alkoholari irabazten diogun bataila bakoitza, gure bizitzari eskaintzen diogun garaipen bat delako».
LEHENENGO PAUSOA
«Arazo bat duzula onartzea da lehenengo pausoa, lehenengoa eta makurrena. Baina hori egiten baduzu, bada esperantza bat aitzinera joateko».