Irailaren 22an ospatu zen Usategietako tradizioaren besta. Hirugarren urtea da besta hau ospatzen dena eta urtez urte jende gehiago hurbiltzen da.
Goizetik ekitaldi eta erakusketa desberdinak izan ziren: herriko artisauak beraien produktuak saltzen, Olako tresna zaharren erakusketarekin, paletak nola egiten diren erakustaldia, taloak Maria Mitxelenaren eskutik, Pirinioetako 10 sarezko usategien erakusketa Sarako Ondarea elkarteak eskeinia, baita txistulariak eta Saranga taldea ere. Ekitaldien artean, etxalartarrak eta saratarrak garai bateko Bote-luzea pilota modalitatean aritu ziren. Makila botatze txapelketari dagokionez, urrunen bota zuena Javier Galarregi Tolare izan zen (85 metro). Taldeka berriz, Sarako usazaleak nagusitu ziren.
Eguerdian urteroko alkateen sinadura burutu zen eta ondotik saratarrak eta etxalartarrak sokatiran lehiatu ziren. Sarako dantzarien emanaldia ere izan zen ikusgai. 300 lagunetik gora izan ziren bazkaltzen, hauen artean Anjel Alkain telebistako umorista ezaguna.