Osasun saileko zenbait arduradunek Udalarekin izandako azken bileran jakinarazi zutenez, osasun zerbitzuaren antolaketa berria adostu dute zonaldeko lantaldearekin. Honela, orain egunero Etxalarko medikua bi ordu eta erdiz etorriko da Berara, ordutegi ezberdinean, jendeak aukera ezberdinak izan ditzan bai Beran baita Etxalarren ere. Izan ere, gaur egun Etxalarko medikuak 800 pertsona ditu atenditzeko eta Berako bi medikuek bakoitzak 1.700 lagun inguru, banazbertzekoaren gainetik. Dagoeneko Etxalarko medikuari asignatu diote Berako 300 pertsona eta eskutitzak bidali dituzte aldaketak azalduz.
Pediatria zerbitzuari dagokionez, gaur egun pediatra bat baino gehixeago beharko litzateke Bortzirietan, haur kopuruaren arabera egunean 10 bat orduko lana baitago. Nafarroako plantillak birrantolatu eta Bortzirietarako bi ordu eta erdiko plaza bat izanen da pediatrian. Dagoeneko izendatua dago pediatra hori eta ez zaizkio haurrak asignatuko, baina gripe, otitis eta halako kontsultak berak eginen ditu. Pediatra hau beti egonen da Lesakan eta horren ordez, gaur egungo pediatrak egunero ordu eta laurden inguru gehiago eginen du Beran. Lanpostu berri honekin, oporraldiak ere bi pediatren artean osatu ahal izanen dituzte orain.