Etxalarko usategietan bixita gidatuak eskainiko dituzte sasoi honetan ere

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 3a

Eguraldiak eta usoek laguntzen badute, ehiza modu tradizionala ikusteko aukera izanen dute bisitariek. Artxiboko argazkia

Urriaren 1etik azaroaren 20ra ortziraletik igandera izanen dira

Urriaren 1ean hasi da ehiza sasoia Etxalarko usategietan eta bertze urte batez ere, bixita gidatuak eskainiko dituzte. Sare bidezko uso harrapaketa tradizioaren xehetasunak ikasteko modua izanen da urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarteko asteburuetan.

Urriaren 1ean hasi da ehiza sasoia Etxalarko usategietan eta bertze urte batez ere, bixita gidatuak eskainiko dituzte. Sare bidezko uso harrapaketa tradizioaren xehetasunak ikasteko modua izanen da urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarteko asteburuetan.

Ehiza eremu honetan, 600 urte baino gehiago dituen sare bidezko uso harrapaketaren tradizioa bizirik ikusteko aukera dago. Hainbertze urtez bizirik irauteagatik eta Iberiar penintsulan bakarra izateagatik, gure ondare kulturalaren zati bat da eta honegatik, Nafarroako Gobernutik IKO izendatua dago (Interes Kulturaleko ondarea). Sistema honen berezitasuna kontutan hartuta, 2003. urteko udazkenean, bisita gidatuak eskaintzen hasi ziren, alde batetik ehiza mota honi laguntza bat emateko, eta bertzalde zonaldeko ondare kulturala ezagutzera emateko asmoz.

Bisitak urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarteko ortziraletatik igandera eskaintzen dira, goizeko 9:00etan, 11:00etan edo 12:30ean (beti ere aldez aurretik deituta) eta bertan, sarezko uso harrapaketaren tradizioari buruzko xehetasunak azaltzen dira eta hau ikusentzuezko batekin osatzen da. Bisitak, trepa baten azpitik egiten dira, usazaleak lanean ari diren bitartean (eguraldia eta ehizaren arabera). Honetaz gain, sareetan behatoki batera sartzeko aukera ere badago, bertatik, usoa datorrenean, sareetan nola sartzen diren ikusten baita. Bisitaren iraupena, 60 minutu ingurukoa da eta prezioa berriz, 4 eurokoa da pertsonako eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat, 3 euro pertsonako.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun