Bortzirietako hiru pilotari ikusteko aukera izan zen irailaren 27an Berako Eztegara pilotalekuan jokatu zen Bankoa-Diario Vasco pilota txapelketako kanporaketetan. Lehenbiziko partidan promesa mailako pilotarien arteko lehia izan zen. Hasiera berdinduaren ondotik (bederatzina berdinduak ere izan ziren), Ander Errandonea beratarrak eta Aburuzak 22-10 irabazi zieten Peña eta Jon Olaizola lesakarrari. Irabazleek, urriaren 25ean jokatuko dute hurrengo kanporaketa Leitzan, bertako Olano eta Alduntzinen kontra. Senior kategorian, berriz, Beñat Oronoz lesakarrak, Urruzolarekin bikote eginez, ezin izan zuen gauza handirik egin Dorronsoro eta Irustaren kontra eta 9-22 galdu zuten.