Iraizozko Josetxo Barberenak eta Eltsoko Ana Iraizozek irabazi zuten irailaren 28an Igantzin jokatu zen Nafarroako Txapelketa Mistoarwen lehen edizioa. Bigarren Arraiozko Xabier Urrutia eta Berako Nerea Sorondo izan ziren eta podiuma osatzeko borroka gogorrean, segundu bakarrarengatik aurreratu ziren Aresoko Otxaso Onsalo eta Beuntzako Mikel Eugi.
Guztira, bederatzi bikote ziren izatekoak, baina azken unean ezin izan zuten aritu Altsasuko Mazkiaran eta Mitxelenak, eta zortzi lehiatu ziren. Bikote bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 45 ontzako enborrari. Barberenatarrak tartean egonda, beti faborito izaten dira. Bi anaiak dira egungo onenak, eta ez zuten hutsik egin, nahiz eta Iñakik seigarren amaitu zuen. Iraizoztarrekin nahastuta aritu ziren lanean.
Lan laburra zuten Igantzin eta horrek ikuskizuna eta berdintasuna handitu egin zuen, tarte txikiak izan baitziren. Josetxo Barberenak eta Ana Iraizozek 20 segundo atera zizkioten Xabier Urrutiari eta Nerea Sorondori, eta minutu bat eskas Mikel Eugiri eta Itxaso Onsalori. Baina podiumerako borroka latza izan zen, hauek segundu bakarra atera baitzuoten laugarren izan ziren Daniel Saldias elizondarra eta Amaia Garcia beratarrari, zortzi segundu Larragetako Alberto Oteiza eta Lezaungo Ana Lopez-i eta 15 segundukoa Iñaki Barberena eta Ainhoa Iraizoz-i. Arantzako Julio Lukanbio eta Baztan-Bidasoako GKKko Leire Astiazaran zazpigarren izan ziren eta Arostegiko Julen Kañamares eta Aldatzeko Argiñe Bildarraz zortzigarren.
Leku berean jokatu zen abiadurako txapelketa ere, eta bikoteak epai bat moztera lehiatu ziren. Hor ere sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan, Josetxo Barberenak eta Ana Iraizozek irabazi baitzuten, eta bigarren hemen ere Urrutia eta Sorondo sailkatu ziren.
SAILKAPENA
1. J. Barberena-Ana Iraizoz, 4:39
2. Urrutia-Sorondo, 4:59
3. Eugi-Onsalo, 5:30
4. Saldias-Garcia, 5:31
5. Oteiza-Lopez, 5:38
6. I.Barberena-Ainhoa Iraizoz, 5:45
7. Lukanbio-Astiazaran, 6:41
8. Kañamares III-Bildarratz, 7:20
Jendetza bildu zen Igantziko pilotalekuan, txapelketa ofizialaz gain, Xabier Ariztegi Santxinek harrijasotze erakustaldia eskaini baitzuen eta herriko kirolariek ere beraien proba konbinatu saio ikusgarria egin zuten.