Igantziko Irisarri Jauregiko Opor Zentroak 200 laguni ostatu emanen die

TTIPI-TTAPA 2013ko ira. 27a, 14:13

Yolanda Barcina, Nafarroako Gobernuko presidentea, Nafarroako eta Igantziko udal agintariekin eta proiektuaren sustatzaileekin, Irisarriko Jauregiaren atarian. Nafarroako Gobernua

Heldu den urteko Aste Santurako irekitzea espero dute eta 20-30 lanpostu sortzea

2014ko Aste Santuan ireki gogo duten Igantziko Irisarri Jauregiko Opor Zentroak ostatu hartzeko eta aisialdia, natura eta abentura barnean hartzen dituen landa-turismoko kontzeptu berritzailea jarriko du martxan. 20 eta 30 lanpostu artean sortuko ditu eta, kalkuluen arabera, zeharka 150 bat lanpostu sustatuko ditu irailaren 26an obrei egindako bisitan emandako datuen arabera.

2014ko Aste Santuan ireki gogo duten Igantziko Irisarri Jauregiko Opor Zentroak ostatu hartzeko eta aisialdia, natura eta abentura barnean hartzen dituen landa-turismoko kontzeptu berritzailea jarriko du martxan. 20 eta 30 lanpostu artean sortuko ditu eta, kalkuluen arabera, zeharka 150 bat lanpostu sustatuko ditu irailaren 26an obrei egindako bisitan emandako datuen arabera.

Yolanda Barcina, Nafarroako Gobernuko presidentearen bisita jaso zuten Irisarrin ortzegunean. Presidentearekin batera bertan izan ziren Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusi Carlos Erce, baita Lurdes Ibarluzea Igantziko alkatea eta zenbait zinegotzi ere, proiektua sustatu duten Carrillo familiakoekin batera.

75 hektarea hartzen dituen opor-zentro horrek ezaugarri eta prezio ezberdinetan ostatu hartzeko hiru modalitate izango ditu –hotela, etxolak eta aterpetxea– eta 200 lagunentzako lekua du. Oporretako gune hori familia eta bisitari-taldeentzat da, bai eta taldeen prestakuntza sustatzeko topaguneak egin nahi dituzten enpresentzat ere. Bertzalde, kirol eta hizkuntzen turismoa ere erakarri nahi da; azken horrek gero eta eskaera handiagoa du beren oporrak hizkuntza bat ezagutzeko jarduerak egiten dituztenen artean. Azkenik, eta elementu bereizgarri modura beste opor-aukera batzuekiko, bertako jarduerak erabiltzeagatik sarrera bat ordaintzen duten eguneko bisitariak hartzeko pentsatutako guneak sortu dira.

 

Irisarriko Jauregia hotela

XI. eta XII. mendeetan du jatorria etxea da. Armarriduna eta lau solairutakoa, 17 gela dituen apartahotel batean bihurtu da. Solairu bakoitzak 300 metro koadro ditu eta gela bakoitzak ohe bikoitza, ohe-sofa bat eta office txiki bat ditu harraska eta mikrouhin-labearekin. Eraikinak jatetxe panoramikoa, egonleku-taberna eta enpresentzako bilera-gela ere baditu.

 

Basajaun Basoa etxolak

Opor-zentroak, gainera, estetika finlandiarreko 12 etxola ditu eta hegal batean zehar harriz eginda daude. Etxolek bi gela eta sukalde-egongela bat dute leihoa duen horma eta ataripe batekin. Haien aurrean larrain handi bat zabaltzen da eta bertan behi nahiz ardiak bazkan ari dira.

 

Non Stop Inn aterpetxea

Finkako leku baxuenean eraikita dagoen eraikin berria da, eta 48 pertsona sartzen dira 4 eta 12 pertsona arteko logeletan. Eraikin beraren oinarrian informazioko zentro nagusia eta harrera orokorra daude.

 

Estatuko tirolinarik luzeena

Oporretarako guneak nekazaritza eta abelazkuntzako erabileretarako turismo aktiboko espazio ezberdinak ditu, 4.000 metro koadroko ingurune natural batean garatuta eta pentsatuta daudenak ez soilik ostatu hartuta dauden bezeroek erabiltzeko, baizik eta bisitariek egunean zehar erabili ahal izateko sarrera ordaindu ondoren.

Bizikletentzako guneak nabarmendu behar dira, mendiko bizikletetarako dagoen 4 pisten zirkuitua, erraterako, lau mailarekin: urdina, berdea, gorria eta beltza. Guneak "Bike Park" edo bizikletaz jauziak eta akrobaziak egiteko espazioa du proba ofizialak hartzeko harmailekin. Oinez edo mendi bizikletan ibiltzeko hainbat zailtasunetako bideak prestatzen eta seinaleztatzen ari dira.

Gainera, "Cannopy" zirkuitu bat ere egiten ari da 2 ibilbidetan banatuta. Europako handienetako bat da, 2,5 kilometro ibilbidea baitu. Lehen ibilbidean 7 tirolinatan aritzen da 250etik 300 metro arteko batez besteko distantzia batekin. Ibilbide hori bukatzean, 840 metroko tirolina handitik jauzi egiteko aukera egin daiteke, estatu osoko luzeena izango dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun