Arraun munduan «kasualitatez» hasi zela aipatu digu lesakarrak. «Hondarribiako bigarren ontzia osatzeko jendea behar zutela aipatu zidan Gonzalo Carrionek, aita lesakarra duen arraunlari mitikoak, eta halaxe agertu nintzen, deus ere jakin gabe». Lehendik bizikletarekin edo lasterka ere ibiltzen zen lesakarra, «baina inoiz ez nintzen sobera abila izan kirolean». Arrauna probatu eta arra barne barneraino sartu zaiola onartu digu, halere: «Arraunean garaipenengatik edo banderak irabazteagatik hasten bazara, akabo! Horrek bakarrik asetzen bazaitu, bigarren egunerako utziko duzu. Gipuzkoako talde batean ari bazara motorra ezin du izan garaipenak, etxeko jendearekin osatutako taldeak direlako. Oriok 2007an irabazi zuen azken aldiz Kontxa, Hondarribiak 2005ean… Azkenean ofizio hau gustatu egin behar zaizu eta irabazteak baino ilusio handiagoa egiten dizu ongi prestatzeak eta entrenamendu eder batzuk egiteak, hori ez da diruarekin ordaintzen» aipatu digu ilusioa begietan margoturik duela. Hiru denboraldi bigarren taldearekin egin eta gero, lehenbiziko ontzira salto egin zuen 2010ean. «Lehenbizian apurua ematen zidan, ACT ligan dena handiagoa da, jende pila bat ikusten, telebistako helikopteroa bueltaka… Kirola eta esfortzua bera da, baina ingurua aldatzen da», dio. Azken hiru urteetan hamabi bandera irabazi ditu Hondarribiarekin, baina dudarik gabe Donostiakoa da handiena. «Azkeneko aste horretan bakarrik, Urdaibaitik 3 segundora ginela jakinda, ikusi nuen nere burua bandera hori lortzeko posibilidadearekin, gainerakoan ez nuen Kontxa irabazteko ametsik ere eginen… Handia izan zen, urean berdintsuak dira estropada guziak, baina Kontxaren inguruan dagoen guzia ikaragarria da!».
URTE OSOKO LANA
Kanpotik arrauna udako kirola bezala ikusten bada ere, urte osoa ematen dute entrenamenduetan, gimnasioan pesak egiten, ergometroan, neguan ere hiru bat aldiz itsasora ateratzen… «Ofizioa ez bazaizu gustatzen arrunt kirol gogorra da, baina lan hori gustatzen bazaizu segi eta segi eginen duzu».
Kontxako Bandera polemikarekin irabazi zuen Hondarribiak, Bermeoko Urdaibaikoak gainera etorri zitzaizkien uretan itzulerako luzean eta estropada bukatu eta gero epaileek hartutako erabakiarekin. Hori gertatu ezean nork irabaziko lukeen inoiz ez dela jakinen uste du lesakarrak, «ziabogan bortz segundo gibeletik ginen eta palek txoke egin zutenean segundo bat aitzinetik, oraindik sei minutuko lana gelditzen zen eta gure trainerua fin zetorren…», baina epai zuzena izan zela dio Irazokik. Ondotik gertatutakoarekin «trixte eta lur jota» sentitu da: «35 urteko arraunlariak negarrez ikusita, zaleen arteko oihuak, irainak… hori ikusita beheiti etorri nintzen, ezin zara poztu, nahiz bandera irabazi». Izan ere, hain kirol ikusgarria eta gogorra maiz ikamikarekin lotua izaten da, zoritxarrez: «Herrien arteko pike sanoak ongi daude, baina hortik goiti pasatzen denean…».
Aurtengo denboraldia ezagutu duen berdinduena izan dela aipatu digu Irazokik. «Lehenbiziko momentutik ikusi zen zortzi traineru berdintsu genbiltzala. Iaz deskuido bat eginez gero laugarren gelditzen zinen, aurten hamekagarren ere egin dugu ligan eta Kontxa irabazi dugu! Kaiku nagusi izan da ligan eta Kontxan laugarren…».
INDARRA ETA PISUA
«Indarra baino gehiago, erresistentziako kirola da arrauna eta urtetik urtera pisuari ere garrantzi gehiago ematen zaio. Ni hasi nintzenean 80-81 kilo izaten ginen banazbertze, orain 77 kilo. Normalean arraunlari arinenak proakoak eta hankekoak izaten gara, ontziaren zati estuena hor delako».
«Urtean bi azterketa egiten dizkigute taldean. Horiek eta Kontxako sailkapenekoa urduritasun handiko egunak dira»