“Zimiko berri!”… arropa berria, zapata berriak… estreinatzen dituenari erran eta zimiko ttiki bat egiten diogu. Ba, herri eskolak 100 urte bete dituen urte honetan, ikasturte berriarekin batera ikasgela berria du. Ikasle kopurua gora doa eta aitzineko ale batean aipatzen genuen bezala, eskola ttiki gelditzen ari zenez, udan lan batzuk egin dira. Orain, bigarren zikloko ikasleek, gela argi eta polita estreinatu dute. Joan den irailaren 5ean eskolan hasi ziren eta denetara, 59 ikasle izanen dira ikasturte honetan.
Hiru urteko sei nexka eskolan hasi dira: Haizea Arenas Etxeberria, Oihane Ariztegi Taberna, Jenifer Estefany Burguete Veintimilla, Alaitz Ibarra Bereau, Ainere Iguzkiagirre Irigoien eta Karmele Oiartzabal Iturria.
Berako Toki Ona Institurura berriz, Andoni Taberna Larretxea joan da.
Gainerakoan, mailaz maila, datuak ematen jarraituz: Lau urtekoak 6 ikasle dira; bortz urtekoak, 8 haur daude.
Lehen hezkuntzan, lehenengo mailan ikasle bakarra dago; bigarren mailan 6 ikasle daude; hirugarrenean, bortz gaztetxo; laugarren mailan zortzi ikasleko taldea; eta bortzgarren eta seigarren mailetan bortzna ikasle daude. Bigarren hezkuntzan berriz, lehenengo mailan lau ikasle daude eta bigarren mailan, bortz neska mutiko daude.
BIGARREN HEZKUNTZAN ATAL ELEBIDUNA
Eskolatik datorren bertze berrikuntza bat atzerriko hizkuntzen irakaskuntzari dagokiona da. Izan ere, bigarren hezkuntzan frantzeseko eta ingelerako atal elebidunak ezarri dira. Horrela, Berako Tokiona Institutora joatean ikasleek hizkuntz eredu horietan jarraitzeko modua izanen dute.
PELLE-TTIKIN 9 NEXKA MUTIKO
Joan den irailaren 9an, Pelle Ttiki haur eskolan ikasturte berria abiatu zen. Momentuz, sei ikasle izanen badira ere, geroxeago, bertze hiru nexka mutiko batuko dira taldera. Beraz, denetara, 9 ikasle izanen dira aurten Koldobike Gorostiza hezitzailearekin.