Irailaren 7an, egin zen Iarmendi inguruko ehiza postuen enkantea. Ohikoa baino ehiztari guttiago bildu zen eta krisiaren eragina somatu zen, ez baitzuen inork udalak proposatutako hasierako preziorik hobetu. 21 postuetatik 15 hasierako prezioan eman ziren, kubritu egin ziren inolako igoerarik gabe eta bertze seiak hutsik gelditu ziren, inork ez baitzuen hasierako preziorik ere ordaindu.
Emandako 15 postuengatik 27.095 euro jasoko ditu Etxalarko Herriko Etxeak. Gogoratu behar da 2000. urtean 50.000 euro lortu zituela Udalak eta 2004an 81.875 euro. Lehenbiziko sei postuak Etxalarko Ehiztari elkartekoentzat izan ziren eta gainerakoak partikularrendako. Bi posturik garestienak 3.205 eurotan eman ziren.
Irailaren 17an izatekoa zen sexteorako aukera (prezioaren seiren bat igo beharko litzateke guttienez). Hobekuntzarik ez bada eta gainerako sei postuak ere hasierako prezioan emanen balira, 33.545 euro lortuko lituzke Udalak.