Eskuak ditu lanabes eta zumitza lehengai. Milaka saski egina da Jesus Mari Sein igantziarra bizitza osoan zehar. Herriko mutiko gehienak bezalaxe, gaztetan hasi zen saskiak egiten eta orain arte segitu. 81 urterekin, herrian eta baita inguruan ere gelditzen den azken saskigilea da. Horregatik, irailaren 27an Igantzin omenaldi ttiki bat eskainiko diote herritarrek, berak botako baitu bestetako altxaferoa. Iraganeko kontuetaz, etorkizunaz eta desagertzear den lanbide honen sekretuetaz solastu dugu berarekin.
E. IRAOLA | IGANTZI
Noiz hasi zinen saskigile lanean?
Hamabost urterekin hasi nintzen saskiak egiten. Baserrian bizi ginen eta sosa batzuk lortzeko modua zen. Herriko etxe gehienetan zeuden orduan saskigileak, Igantzin 30 izatera iritsi ginen. Komeriak ere izan ziren gehiegi ginelako. Baina urteak aitzinera egin ahala, gauzak aldatzen joan ziren. Saskigile ziren aunitz Ameriketara edo Frantziara joan ziren edo Lesakako Laminaciones enpresan, mendian... hasi ziren lanean. Ordu gutxiago lan eginda, gehiago irabazten zutelako. Ni ere ibili nintzen zortzi urtez mendi lanetan baina berriro ere saskiak egitera itzuli nintzen.
Zein da saski bat egiteko sekretua?
Kaskarroa handia behar du saskiarekin hasteko. Ordu pila behar dira, ez da egiten golpean. Materiala lortuta, labean egosten dugu eta gero zumitzak banan-bana atera behar dira, kontuz puskatu gabe. Gure makina eskuak dira, hariari segika lan eginez. Gero moldearen gainean, ipurditik hasi eta pixkanaka gorantz joan behar da saskia osatu arte. Garai batean, hamalau ordu sartzen genituen egunero. Astean saski kopuru bat zehaztu eta hura egin arte ez nion atsedenik ematen nire buruari. Goizeko bostetan hasi eta arratsean hamarretan bukatzen genuen, gelditu gabe, bestela ez zegoelako irabazirik. Orain lasai egiten ditut, kapritxora.
Saski mota aunitz egin izanen dituzu dagoeneko...
Arrain saskiak eginez hasi ginen. Pasaiatik etortzen ziren aitonak erostera. Zakarra izanda ere ez zuen inporta, saski azkarrak eta handiak nahi izaten zituzten. Saskiak ipurdi ona ote zuen begiratzen zuten eta ona ez bazen, agudo erraten ziguten, hau hiretzat. Horietaz gain, laborantzarako egiten ziren gehienak, patata, sagarra, artoa... biltzekoak, astoentzat... Etxeetara harri ikatza eramateko meharrago batzuk ere egiten nituen. Okinarentzat ere bai eta diputaziorako saski ttikiak ere egiten nituen eskuz brea botatzeko erabiltzen zituztenak. Orain berriz, saski ttikiak egiten dira gehienbat, gabonetan umeek ibiltzen dituztenak edo perretxikoetarako.
Zein dira lanbide honen zailtasunak?
Hasteko, orain materiala lortzea zaila da. Lehen saskigile pila bat zegoenez ez zegoen arazorik, gaztaina botatzen baduzu, lauzpabortz urterako berriro ere mozteko prest egoten baita. Duela 60 urte inguru, Igantzi eta Sunbilla arteko mendi oso bat, 60 hektarea baino gehiago erabiltzen genituen materialetarako. Orain inork ez duenez botatzen, ez da etortzen. Batzuk kanpotik ekartzen dute, baina ez dauka kalitate bera. Trabarik handiena, sartzen den ordu pilarako irabazi gutxi ematen duela da. Gainera ziria ere sartzen digute, dendariren bati nik prezio batean saldu eta gero beraiek saltzerakoan prezioa bikoiztu egiten dutela ikusi izan dut.
Lanbideak badu etorkizunik?
Ezetz erranen nuke. Bortzirietan bakarra naiz eta Nafarroa mailan ere gutxi gelditzen gara. Gazteak saskigile lanbidea desagertzera doala ikusita penatu bai, baina inork ez du pausoa ematen. Egia erran ez da harritzekoa, lanbide honetatik ez baita inor bizi. Orduka kobratu izan bagenu, aberastu izanen ginen aspaldian, baina ez da hala gertatu. Gainera saskia ere ez da lehen bezala saltzen, ordezko produktu aunitz daudelako plastikozkoak adibidez. Beraz, ni falta naizen egunean, lanbidea ere desagertu eginen da, ez dagoelako segida emanen dion inor.
LAN SISTEMA
«Kaskarroa handia behar du saskiarekin hasteko. Ordu pila behar dira, ez da egiten golpean. Materiala lortuta, labean egosten dugu eta gero zumitzak banan-bana atera behar dira eskutara. Gero moldearen gainean lan eginaz, ipurditik hasi eta pixkanaka gorantza joan behar da. Garai batean hamalau ordu sartzen genituen egunero. Astean saski kopuru bat zehaztu eta hura egin arte ez nion atsedenik ematen nire buruari».