Asteburu honetarako aurreikusiak ziren ekitaldiak bertan behera utzi dituzte Igantzin

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 18a

Herriko gaztearen heriotza dela eta, asteburu honetan ez da deus eginen

Atzo goizean Endarlatsa aldean izandako auto istripuan  23 urteko igantziarra hil zen eta bere heriotzak tristura haundia eragin du Igantzin. Hori dela eta, asteburu honetarako iragarriak zituzten ekitaldiak hilabete batzuk gibeleratzea erabaki dute.

San Migel besten aitzinetik, larunbat eta igande honetarako iragarriak ziren ekitaldiak bertan behera gelditu dira Igantzin, atzoko auto istripuan hildako herriko gaztea gogoan. Endarlatsa aldean, auto batek eta kamioi batek aurrez aurre jo zuten eta istripuaren ondorioz, autoan zihoan 23 urteko igantziarra hil egin zen.

Hainbat ekitaldi aurreikusiak ziren asteburu honetarako: marmitako txapelketa, plater tiroketa, herriko dantzarien emanaldia, bertso afaria, herri kiroalk, gazta lehiaketa eta ardo dastaketa, jubilatuen bazkaria, artzain zakur txapelketa... Horiek guztiak hilabete batzuk gibeleratzea erabaki du Igantziko Besten Batzordeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun