Usategietako tradizioaren besta irailaren 22an ospatuko da Lizaieta inguruan eta berriz ere, saratarrak eta etxalartarrak elkartzen dituen mugan bi herrietako ordezkaritza zabala espero da igandean. Duela bi urte sinatutako hitzarmena berretsiko dute alkateek eguerdian, baina bertze hainbat ekitaldi iragarri dituzte.
10:00etatik 13:00tara Artisauen erakusketa eta salmenta izanen da. Usazaleen paleta egite erakustaldi partehartzailea. Ondotik hamaiketakoa taloekin. Jarraian “Usoak Sarean” erakusketa Sarako Ondarearen eskutik. 10:30ean, nobedade gisara, aspaldian jokatzen zen “Botaluze” pilota partida ikusteko aukera izanen da. 11:15ean Lizaietako abata berriatik makila (karote) botatzeko txapelketa. 12:00etan 2011ko irailaren 4ko Sara eta Etxalar arteko hitzarmenaren sinadura berrestea eta ondotik soka tira desafioa. 12:30ean Sarako “Zazpiak Bat” dantzarien emanaldia. 14:00etan Zikiro jatea Lizaietako zelaian, Sarako “Saranga” gaitariekin eta kantu tradizionalekin animatua.
Zikiro-jaterako txartelak 18 eurotan salgai daude Etxalarko Venta Lizaietan, Elutsan eta Herriko Ostatuan eta Sarako Herriko Etxean.