Bixente Igarzabal lesakarra hirugarren izan da Donibane Lohizuneko Ironbask proban

TTIPI-TTAPA 2013ko irailaren 17a

Aurten ere, Donibane Lohizuneko Ironbask probaren podiumera igotzea lortu du Bixente Igarzabalek. Utzitako argazkia

Honenbertzez bukatutzat eman du denboraldia Beti Gazteko kirolariak

Irailaren 14an, larunbatean burutu zen Donibane Lohizunen Ironbask probaren bigarren edizioa. Joan den urteko lehenbiziko edizioan garaile izan zen Bixente Igarzabal lesakarra hirugarren izan da aurtengoan.

Irailaren 14an, larunbatean burutu zen Donibane Lohizunen Ironbask probaren bigarren edizioa. Joan den urteko lehenbiziko edizioan garaile izan zen Bixente Igarzabal lesakarra hirugarren izan da aurtengoan.

Hain zuzen, Euskal Herrian egin den distantzia luzeko lehenbiziko Triatloia izan da Donibane Lohizunekoa. Aurtengoan ez da ezusterik izan eta faborito nagusia zen Gregory Verschuere frantziarra izan da garaile. Igerilari bikaina izanik, lehenbiziko zatia aprobetxatu zuen aldea lortzeko eta bere arerioek ezin izan zuten alde hori jan bizikleta eta korrikako saioetan. Denera, 9 ordu, 30 minutu eta 20 segundo behar izan zituen proba burutzeko, bigarren izan en Yann Le Dorze frantziarrak baino 21 minutu eta 27 segundo guttiago. Podiuma Bixente Igarzabal lesakarrak osatu zuen, irabazlearengandik 22 minutu eta 47 segundora (9 ordu, 53 minutu eta 7 segundo). Joan den urtean irabazle izan zenean baino 3 minutu eta 14 segundu guttiago behar izan zituen proba osatzeko.

Nafar ordezkaritza zabalaren buru izan zen lesakarra, hameka lehenbizikoen artean bortz sartu baitziren. Saltokiko Jesus Goñi laugarren izan zen, Hiruki Valle de Egues taldeko Gorka Lizarraga bosgarren eta Saltokiko Mikel Olazabal hamargarren. Tafallako Ricardo Abad izan zen hamekagarrena eta urtebetean astero Ironman bat egiteko bere helburuan hogeita hamaseigarrena osatu zuen.

Donibane Lohizuneko podiumarekin bukatutzat eman du denboraldia Bixente Igarzabalek. Ornoko haustura baten ondorioz ezin izan zuen apirila harte hasi, baina halere denboraldi polita egin du, laugarren sailkatu baitzen Altrimanean eta orain hirugarren Ironbask lasterketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun