Bestak ez du etenik eta asteburu honetan hainbat herri eta tokitan bestak ospatuko dituzte. Horien adibide dira Arantzako Eguzkialde auzoa eta Igantziko Piedade auzoa.
Arantzako Eguzkialdeko bestak
12:00etan altxaferoa botako dute Xabier Lejarreta eta Asier Azpiroz bertsolariak bertan direla. Auzoko trikitilariek ere momentua alaituko dute. 13:00etan, herri kirol probak izanen dira: Donato Larretxea eta Joxe Mari Olasagasti aizkolarien saioa, eta Unai Bertiz harrijasotzailearen erakustaldia. Eurekin batera, auzotarrak ere herri kiroletan ariko dira. 14:00etan, bazkari ederra eginen dute eta 18:30ean Salbador Madariaga akordeoilariarekin dantzaldia izanen da. Ilunabarrean pintxo jatea eginen dute eta gauerdian, berriz, kantzontzilo, kulero eta tanga lasterketa eginen da.
Igantziko Piedadeko bestak
Piedade auzoko bestak ospatuko dituzte larunbat honetan Igantzin. Ohiturari segituz, auzotarrek bazkaria eginen dute Iñarburu gainean.